"Amonari eskaini nion txapela, erreferente dudalako"

Ainhoa Gil 2024ko api. 12a, 09:18

Master Cup txapelketako txapela jantzi zuen Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak martxoaren 17an. Olatz Arrizabalagarekin bikotea osatuta, txapelketa borobila egitea lortu zuten.

Emakumeen pilota behetik gora datorrela sumatzen da kanpotik. Nola bizi duzue hori zuek?

Ezer ez egotetik, gora dator orain, bai. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko. Oso berria da eta hobetzeko puntu asko dauzka. 

Lehen inork gutxik ezagutzen zuen eta orain kalean ezagutu ere egiten gaituzte. Gure atzetik datozenek erreferente minimo batzuk izango dituzte eta hori ere garrantzitsua da. Ea gurea baino bide errazagoa izaten duten. Master Cup txapelketako finala irabaziz geroztik jende askok geratu gaitu zoriontzeko. Maila hobea hartzen ari gara eta pixkanaka, zaletasuna sortzen ari dela esango nuke. Etorkizunera begira, profesionalizatzeko bidean aurrerapausoak eman behar dira. Momentuz oso-oso zaila ikusten da, baina beste kirol batzuetan lortzen ari diren bezala, saiatuko gara gurean ere aurrerapausoak ematen. Horretarako, behar-beharrezkoa izango da gure kirolaren aldeko apustua egitea. 

Master Cup txapelketan garaipena eskuratu berri duzu. Kontaiguzu...

Txapelketa hasi aurretik, Olatz Arrizabalagarekin bikote osatuta jokatuko nuela jakin nuenean, poz handia hartu nuen. Aurrelaririk hoberenetakoa da bera eta banekien txapelketa ona egiteko aukera izango genuela. Zalantza punttu bat ere banuen, izan ere, oso gutxitan jokatu izan genuen elkarrekin aurrez, eta jokatu izan genuenetan ez genuen emaitza onik lortu. Txapelketari ekinda, oso partida onak jokatu genituen, hutsik gabeak. Biak oso puntu onean iritsi ginen eta zerbait egiteko aukera izango genuela sinetsi genuen. Finalaurrekoetara iritsitakoan heldu zen urduritasuna. Partida tentsoa jokatu genuen, gozatu gabea. Nola edo hala aurrera ateratzea lortu genuen eta finalera iristea lortu. 

Etxean, lagunartean... nola bizitu dute txapelketa?

Partidaren aurretik, ostiralean, lagunekin afaldu nuen, lasai. Partidaren inguruan aritu ginen, baina baita beste gai askoren inguruan ere. Etxean berriz, babes handia dut. Jon anaiak ikaragarri daki pilotaz eta oso aholku onak ematen dizkit. Bere esperientziatik hitz egiten dit eta asko lasaitzen nau; niretzako oinarri handia da. 

Finaleko partidan han ziren denak harmailetan: etxekoak, lagunak, herrikideak, udaleko kideak... Oso polita izan zen. Beraiek han izanda garaipena lortzea eta denok elkarrekin gozatu ahal izatea, txapela baino hobea izan zen. 

Txapela jantzita, zer sentitu zenuten?

Oso kontzentratuta aritu ginen eta kosta egin zitzaigun sinestea. Olatzek bosgarren txapela du, baina niretzat lehena izan da, eta lehenengoa beti da berezia. Lanak bere fruituak ematen ditu eta jarraitu egin behar da, lortu arte. 

Amonari eskaini nion txapela, erreferente dudalako. Banekien txapela lortuz gero berari eskainiko niola eta telebistan esan nuen, berak jakitea nahi nuelako. Hunkituta eta oso pozik dago, eta niretzat ikaragarria da. 

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Pilotari lotuta. Txapela lortzea ikaragarria izan zen, baina hori pasa egiten da, eta orain beste erronka batzuk iritsiko dira. Horietan daukat nik jada burua: GRAVNI, Gipuzkoako 4 1/2koa, Nafarroakoa... astero izango ditugu partidak hemendik aurrera.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 646 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!