Zizurkil Erraietatik zikloa, ostiral honetan hasita

Ainhoa Gil 2024ko api. 24a, 12:20

Apirilaren 26an, ostiralean jarriko da martxan zikloa. Bailarako artistei zuzendutako ekimena da honakoa, euren lana taulagainean erakusteko aukera emateko jaio dena. Hilero izango dira ekitaldiak, Atxulondo Kultur Etxean.

Bailarako musikari, antzezle, artista guztiei irekitako espazioa izango da Erraietatik. “Gure bailarako artistak erraietatik ezagutu eta haien talentua agerian jartzeko ekimena da. Hainbat diziplinitako eragileak bildu nahi ditugu. Bultzada eman nahi diegu, bereziki gazteei, euren ibilbidean lagundu”, azaldu du Maite Amenabar alkateak.

Ainhoa Larrea kultur teknikariak azaldu duenez, “Zizurkilgo Udaleko kultura sailean askotan jaso izan dugu entseguetarako gelaren baten eskaera. Udalak ez du horretarako azpiegiturarik, baina bagenuen kezka hori. Jakitun ginen masa artistikoa bazegoela bailaran, entsegu gela eta plaza faltan. Erantzuna eman nahi genien”.

Loatzo Musika Eskolaren sorrera azpimarratu du Larreak: “Apustu handia egin zen hor. Musika diziplina garrantzitsua da eta haur eta gazteei bertan murgiltzeko aukera eskaintzea garrantzitsua zela ikusi genuen. Euren ikasketetan aurrera egin ondoren, ordea, eszenatoki faltan geratzen dira. Musika eskolan geroz eta taldetxo gehiago sortzen ari dira, gainera”.

Balorazio bat egin zuen Udalak, eta Atxulondo Kultur etxeko areto nagusia hartu dute begitan. “Arte diziplina ezberdinetan aritzen diren bailarako artistei eskaini nahi diegu espazio hori. “Antzerkia, zirkua, musika… aretoko ateak ireki nahi ditugu, artean eta sormenean dabiltzanei eskainiz”. Kontzertu edo emanaldiak eskaintzeko garaian, “Udalak ahalegin berezia egingo du eta behar diren azpiegiturak jartzen saiatuko da: sonorizazioa…etab.”, gaineratu du.

Atxulondo kultur etxea, beraz, bailarako artistentzako topaleku eta eszenatoki izango da aurrerantzean: “Ate horiek irekiaz, sormena erakarri dezakegula iruditzen zaigu, baita artisten arteko harremana sustatu ere. Herriko kultur dinamika sustatzea garrantzitsua da”.

Hilero, azken ostiraletan, Erraietatik zikloko emanaldia izango da Atxulondon. Apirilaren 26an emango zaio hasiera, Loatzo Musika Eskolatik sortutako Arrisku taldearen emanaldiarekin. Rock musika egiten dute, bertsioak eta baita sorkuntza propioak ere. Maiatzean, Zirubi taldea arituko da, Loatzo Musika eskolako haize taldearekin batera.

Proposamenak jasotzeko prest dago Udala: “Gerturatu daitezela kultura sailera euren proposamenarekin. Guztion artean programazio ederra sor dezakegu. Artista ezberdinen arteko elkarlana ere sustatu nahi dugu, oso gauza politak sor daitezkeelako bide horretatik”, aipatu du Larreak.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!