"Pozarekin konektatu nahi nuke txapelketako bigarren fasean"

Ainhoa Gil 2024ko mai. 31a, 07:49

Izarne Zelaia, Zizurkilgo Pedro Mari OtaƱo plazan

Gipuzkoa Bertsotan txapelketako lehen fasea amaituta, bigarren fasean aritzeko txartela lortu du Zizurkilen bizi den Izarne Zelaia bertsolariak. Soraluzen abestuko du, igandean.

Etxean jaso zuen bertsolaritzarekiko zaletasuna. Gipuzkoa Bertsotan txapelketako bigarren faserako sailkapena lortu du zizurkildarrak. Soraluzen abestuko du, ekainaren 2an.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako atarikoan ari zara orain. Nola ari zara bizitzen?

Zalantzak izan nituen izena emateko garaian. Nire adineko jende askok utzia du dagoeneko txapelketatako bidea, baina nire ibilbidea ezberdina izan da, eten eta guzti. Horregatik, parte-hartzeko erabakia hartu nuen.

Urduritasuna kudeatzea da nire erronka. Urduritasunak kontzentrazioan eragiten dit eta hori, bertsotan aritzeko, kaltegarria da. Saioaren bezperan gaizki egiten dut lo eta neke horrek freskotasuna kentzen dit.

Lehen faseko saioan, eroso eta solte aritu nintzen ofiziotan. Ane Peñagarikanok eta biok hasi genuen saioa eta ezagutzen duzun lagun batekin hasteak lasaitasuna ematen dizu. Ganbaratik, ordea, oso urduri atera nintzen eta denbora dexente behar izan nuen pentsatzeko. Gustora geratu nintzen botatako ideiekin, baina arantzatxoa geratu zitzaidan pasatako denbora horrengatik. Momentuan ahal nuena egin nuen eta aurrera!

Nola bideratu duzu prestakuntza?

Bertso eskolan egin dugu lan hori, taldean. Epifora bertso eskolan nabil egun; Hernanin elkartzen gara zenbait emakume bertsolari. Ahalduntze bertso eskolan ere banabil. Bi talde hauei esker iritsi naiz nagoen tokira, zalantzarik gabe. Horrez gain, Asteasuko bertso eskolara ere gerturatzen naiz tarteka. 

Bigarren fasearen atarian gaude... 

Pozik nago bigarren faserako sailkapena lortu nuelako. Puntuazio aldetik, ordea, nahiko juxtu nabil. Bi saioetako puntuak batuta erabakiko da nor sailkatuko den Gipuzkoako Txapelketarako eta nahiko zaila izango dudala iruditzen zait; oso saio ona egin beharko nuke. Soraluzeko saioan abestea egokitu zait eta talde polita izango gara kantuan. Bertsotan eroso eta ondo aritzeko moduko taldea garela esango nuke. Nire aldetik, pozarekin konektatzea dut helburu, urduritasunari aurre egin eta gehiegi sufritu gabe kantatzea. Bakarkako lanetan geratu zitzaidan arantzatxo hori kentzea ere gustatuko litzaidake, noski. Horrez gain, gure artean giro goxoa sortu eta saio polita izatea nahi nuke.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 649 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!