Biala orain! taldea martxan da berriz ere

Ainhoa Gil 2024ko eka. 12a, 16:00

Agustin Sanchez eta Iker Abaigar, Biala orain! plataformako kideetakoak.

Milaka ibilgailuk zeharkatzen dute Zizurkil egunero. Etengabea da tamaina guztietako ibilgailuen joan-etorria. Zarata, kutsadura edota arrisku egoerekin nazkatuta, Biala orain! taldea sortu zuten herritarrek 2019an. Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, martxan dira berriz ere

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko urtarrilean egindako neurketen arabera, 6000 ibilgailu baino gehiagok zeharkatzen dute Zizurkilgo Elbarrena auzoa astegunetan. Lanerako sarrera irteera orduetan pilatzen da trafiko gehien eta ibilgailu astunak izaten dira haietako asko eta asko. Deserosotasun handia sortzen du horrek Zizurkilgo herritarrengan.

Aspalditik datorren borroka da Zizurkilgo saihesbidarena. Foru Aldundiarena da errepide horren eskumena eta, Udalak hainbat aldiz egin dio egoerari konponbidea emateko eskaera. Irtenbiderik iristen ez zela ikusita, herritar talde batek Biala orain! plataforma osatu zuen 2019an, euren aldarrikapenei ikusgarritasuna emate aldera. Indartsu ekion zioten bideari, hainbat bilera egin zuten erakunde ezberdinekin eta, ikusgarritasuna handitzeko, trafiko mozketak ere egin zituzten. Zizurkildarren babes handia izan zuten mozketa haiek eta oraindik ere hainbat leiho eta balkoietan zintzilikatuta daude Biala orain! leloa duten banderolak.  

2020ko pandemiak gerarazi zuen plataformaren dinamika. Berriz ere martxan jarri eta aldarrikapenei eusteko gogoa biziberritu da orain. Jende berriak heldu dio erronkari, gogotsu. Irtenbideak nahi dituzte eta bideari ekin diote. "Kezka dugu trafikoak Zizurkilen sortzen duen egoerarekin. Biala orain! plataformaren martxari heltzea erabaki genuen. Gu ez ginen sorrera prozesuan egon; lan handia egin zuten eta orain guri egokitu zaigu erreleboa hartzea". Zizurkil eta Asteasuko Udalarekin bildu dira kideak behin baino gehiagotan, egoeraren inguruan hitz egin, eta irtenbide ezberdinak aztertzen saiatzeko. "Arazoak bete-betean eragiten dio Zizurkili, baina Aiztondoko beste zenbait herrirentzat ere onuragarri litzateke saihesbidea: Asteasuarrek Zizurkil zeharkatu behar dute euren herriko joan-etorriak egiteko, berdin gertatzen da larrauldar edota alkizarrekin ere. Zer esanik ez Asteasuko industrigunera doazen ibilgailu astunei dagokienez. Guztien indarra beharko dugu saihesbidea lortzeko", azaldu du Agustin Sanchez taldekideak. "Guztientzako onura izango litzateke". 

Taldera batzeko deia

Momentuz, hiru herritarrek hartu du Biala orain! plataformaren ardura. Iker Abaigar eta Agustin Sanchez zizurkildarrak talde motor horretako partaide dira: "Aurreko taldekideak nekatu egin ziren. Laguntzeko eta babesteko prest daudela adierazi digute eta asko eskertzen dugu jarrera hori. Guk hartu dugu taldea dinamizatzeko ardura, baina ongi etorriko zaigu kide berrien indarra ere. Horregatik, deialdia zabaltzen hasi gara. Sare sozialetan presentzia du plataformak orain, eta kartelak ere jarri ditugu herrian barrena. Trafikoak guztioi eragiten digu, eta garrantzitsua da indarra egitea", azaldu dute.

Otsailean hasita

2024ko otsaila inguruan hasi ziren lehen bilerak egiten. "Maite Amenabar alkatearengana jo genuen eta, Foru Aldundiarekin bilera hitzartuta zutela esan zigun. Bilera pasa arte itxarotea erabaki genuen eta, bitarte horretan, taldea martxan jartzeko lanetan hasi ginen. Oso geldirik zegoen, eta garrantzitsua zen pixkanaka aktibatzen joatea. Aiztondoko gainerako udalekin ere biltzeko eskaera luzatu genuen aurrerago. Asteasu eta Zizurkilgo alkateekin bildu ginen. Azkenean, Aiztondoko herri guztiei eragiten die arazoak. Guztion bultzada beharko dugu; Udalena eta herritarrena.".

Segurtasuna

Segurtasun arazoak aipatu ditu Agustin Sanchezek: "Ibilgailu asko ibiltzen da hemen. Saihesbidea egin arte, ezinbestekoa iruditzen zaigu abiadura murrizteko gailuak jartzea. Sistema ezberdin asko dago gaur egun hori lortzeko: resaltoak, abiaduraren arabera gorri jartzen diren semaforoak..., istripu larriren bat gertatu aurretik zerbait egin behar dela pentsatzen dugu. Badakigu ez dela erraza eta azkarra izango saihesbidea lortzea, baina bitartean egoera arintzeko gauzak egin daitezkeela pentsatzen dugu. Beste herri askotan egin den bezala, hemen ere egin daitekela uste dugu baina momentuz ez da gauza handirik egin, eta hori ere mahaigainean jarri nahi dugu".

Foru Aldunarekin bilera egin zuen Zizurkilgo Udalak. "Oso ondo landutako txostena aurkeztu zuten. Egunean zehar herritik pasatzen diren ibilgailuen kopuruak jasotzen ditu, eta baita urteetan zehar trafikoak izan duen goruntzako joera ere. Foru Aldundiko kideek, euren aldetik, beste neurketa bat aurkeztu zuten, are eta ibilgailu gehiago pasatzen dela jasotzen duena. Asteasuko industriagunea hazi egin da urteotan, eta horrek eragin zuzena izan du trafikoan". 

Uda ondoren

Albisteak iritsi bitartean, plataformara bilduko den jendearen bila jarraituko dute. "Orain taldeari forma eman eta indarra hartzeko momentua dugu. Uda ondoren hasiko gara bestelako ekimenekin. Ez dugu baztertzen errepide mozketak berreskuratzea ere", azaldu dute. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 650 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!