Orain arte San Millan eskola izan denak, izen berria izango du aurrerantzean; Mendigain eskola. 1873an, bigarren karlistaldian erre zuten baserri baten izena zen Mendigain. Egun Intxaur pilotalekua dagoen inguruan zegoen kokatua eta, ia ahanzturan zegoen izen toponimiko horren aldeko apustua egin dute eskolaren izen berria aukeratzeko garaian. Izen berriaren aurkezpen ekitaldia eginda, ofizialtasuna emateko lanetan ari dira orain.
Bidea
Prozesu luzea izan da eskolaren izen-aldaketarena. Guraso talde baten ekimenez abiatu zen prozesua ikasturte hasieran, eta lanketa ezberdinak egin dituzte bidean. Eskolako irakasleekin, San Millan elizako kideekin, irakasle ohiekin, ikasleekin, gurasoekin, herritarrekin... hainbat bilera egin dute ikasturtean zehar, izen berriaren inguruko hausnarketa egiteko. Hausnarketa eta gizarteratze prozesua amaituta, maiatzean, izen berrien proposamenen bilketa egin zuten. Herrian zabaldu zuten horretarako aukera eta, asko izan ziren eskolarako proposatutako izenak. Horien guztien artean bost izenen aukeraketa egin zuten: Mendigain, Txepetxa, Inurri, Epergain eta Ezkeltzu izenek egin zuten aurrera.
Bozketa izan zen azken pausoa. 105 bozka jaso zituzten guztira eta horien %45a izan zen Mendigain izenaren aldekoa. Horrenbestez, Zizurkilgo herriguneko eskola Mendigain izango da aurrerantzean.
Hitzartzea
Ekitaldia aurrera, hitza eta musika uztartu ziren, bi gurasoren emanalditxoarekin. Igotz Alkortaren hitzek, Lierni Ugartemendiaren biola doinuak izan zituzten lagun. Izen aldaketaren prozesua, iragana eta etorkizuna hitzetara ekarri zituzten: "Eta hemen gaude, 150 urte geroago. Duela aste gutxi ez genekien historia gure eginez, eta gaurkotuz. San Millanetik Mendigainera egiteko prest. Markesetatik baserrira. Erdaratik euskarara. Boteretik herritar xumeetara. Eskolak egun jada baduen izaerara, izena ekarriz. Mendigainen talaia izan dadila gure haurrek etorkizuna idazteko leku. Euskaratik eta euskaraz. Herrigunetik herrirantz. Euskal Herritik mundurantz. Duela 150 urte bezala, 150 urte geroago ere Mendigainen izan daitezela gure hizkuntzan jolastu, pentsatu, idatzi eta amets egingo duten haurrak", amaitu zuen Alkortak bere hitzartzea. Hunkituta eta pozik jarraitu zituzten hitzak bertaratu zirenek.
Izenari izaera ofiziala ematea izango da hurrengo egitekoa. Ikasturtea hasterako, lan horiek eginda egongo dira eta San Millan eskola izatetik Mendigain eskola izatera igaroko da herriguneko eskola.
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 652 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.