Zizurkilen 20 baserri erre zituztenekoa

Xabier Lasa 2024ko uzt. 10a, 12:55

"Illustrarte Zeitung" aldizkari alemaniarrak 1874an argitaratu zuen ilustrazioa, Tolosako herritarren exodoa irudikatuz

Tropa liberalek Zizurkilen 1873ko abenduan 20 baserri erre zituzteneko gertakizuna dokumentatu eta argitaratu du Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteak, Sustrai aldizkariaren 32. alean. Aldizkaria etxez etxe banatu dute egunotan, eta elkartearen web orrian, pdf formatuan ere eskura daiteke, atalen sailetik.

Jada Zizurkilgo herriaren historiarekin zerikusia daukaten 32 gai landu eta argitaratu ditu beste hainbeste aletan Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteak 2008tik; besteak beste, 778ko Orreagako Gudua, hilarriak, Olentzero, Teodoro Hernandorena euskaltzalea, karobiak, Belateko eta Zizurkilgo armarria, Fraisoro, Oilasko jokoa eta duela ehun urteko gatazka, Otsoerrekako amerikanoaren hilketa, toponimia eta bailarak, heriotza eta pikota; Zimiteriotik Kanposantura, Kalixako aska, Donemillaga dorretxea, 1918ko gripea, edota, 1937ko Zizurkilgo erbesteko udala.

Tropa liberalek Zizurkilen 1873ko abenduan 20 baserri erre zituzteneko gertakizuna du aztergai 32.aleak, esan bezala. Testuinguru historikoari errepasoa egiten dio hasteko, argitalpenak. Euskal herrian izan diren bi karlistadetatik (1833an eta 1872an hasitakoak) abiatuta, 1873-1974ko epean eskualdean tropa liberalen eta karlisten artean gertatu ziren liskar militarretara gerturatzen da.

Belabietako parajeetan 1873ko abenduaren 9ko gertatu zen bataila odoltsu sonatuan jartzen ditu begiak batik bat. Kontatzen denez, tropa liberalek, bataila hartara zihoazela, bidean, Zizurkil zeharkatzen ari zirela, bertako 20 baserri guztiz ere zituzten. Jose Frantzisko Muñagorri alkateak adierazi zuenez, herriko eraikinen bosten bat erre zuten, eta bertan bizi zirenak urte mordorako miseria gorrian geratu ziren.

Argitalpenak, liberalek kiskali zituzten 20 baserrien izenak zerrendatzeaz gain, gertakizunaren gainean informazioa ematen duten hainbat dokumentu historiko biltzen ditu, batik bat Lizarraga jeneral karlistaren kronika eta Muñagorri alkateak berak Aldundiari idatzi zion txostena.

 

Ilustrazio ikusgarria, Alemaniako aldizkarian

Argitalpenean testuari erantsita datozen argazki, dokumentu, ilustrazio eta mapen artean, nabarmentzekoa da "Illustrarte Zeitung" Alemaniako aldizkari grafikoak 1874ko maiatzean argitaratu zuen ilustrazio ikusgarria. Hasteko eta behin, Zizurkilgo baserria ere zituzten tropa liberalak ageri dira bertan.

Joseba Salvador historia ikerlariak topatu zuen aipatu aldizkarian. “Irudi ikusgarri honek ondo baino hobeto erakusten du garai hartan herritarrek gudaren eraginez bizi behar izan zuten egoera latza” Salvadorren hitzetan. “Orrialde osoko ilustrazioa da, eta bertan soldadu liberalak eta herritarrak Tolosatik alde egiten ikus daitezke. Argazki oinak halaxe azaltzen du: “Espainiako borroka karlistarena: Tolosako biztanleen exodoa, Loma jeneralaren tropek lagundurik, otsailaren 28an”.

Ilustrazioa sakon aztertu duen Salvadorrek dioenez, “Txuri-beltzeko irudi ikusgarri horretan, soldaduak oinez eta herritar batzuk zaldi eta asto gainean ikus daitezke, euripean, bonbardaketek eraitsitako etxeak atzean utziz. Beren ondasunak gurdi gainean daramatzaten herritar batzuk ere azaltzen dira, baita umeak besoetan daramatzaten emakumeak ere. Bide bazterrean dagoen gurutze baten aurretik igarotzean erregu egiten duten pertsona batzuk ere ageri dira”.

Badu garrantzia ilustrazioak, informazio ugari ematen baitigu eskualdean herritarrek bizi izan zuten tragediaren gainean, eta gainera, ez baita aurkitu beste irudirik oraingoz. “Egun hartan gertatutakoaren argazkirik ez dago, nahiz eta garai hartan dagoeneko argazkilariak lanean aritu, baina gehienetan kamera aurrean geldirik jarritako pertsona edo taldeei argazkiak eginez. Batailen irudiak, aldiz, ilustrazioen bidez iritsi zaizkigu eta horietako bat da Tolosako ebakuazioa erakusten duena”.

 

Tolosako herritarren exodoa

Tolasatik bertako herritarrek egin behar izan zuten ihesaldia aztertu eta deskribatua dauka Joseba Salvadorrek. Hona, zehatz, egindako kronika:

“Belabietako bataila gertatu eta ia hiru hilabetera, Tolosan zeuden soldadu liberalek ihes egin behar izan zuten, karlotar soldaduen beldur, tolosar askorekin batera. 1874ko otsailaren 28an gertatutakoaren argazkirik ez dago, baina bai gaur arte ezezaguna zen ilustrazio ikusgarri bat.

Pasa den abenduaren 9an II. Gerra Karlistan gertatutako Belabietako batailaren 150. urteurrena bete zen. Jakina denez, garai hartan espainiar Gobernuko soldadu liberalek Gipuzkoako barnealdean beren menpe zuten herri bakarra Tolosa zen eta hilabeteak zeramatzaten karlotar soldaduz inguratuta.

Janaria eta munizioak helarazteko, Hernani eta Andoain aldean zegoen armada liberalak Belabietako gainetatik bidea irekitzea erabaki zuen, Villabonako errepidea guztiz itxita zegoelako. Belabietan, ordea, milaka soldadu karlotar zain zituzten eta bien arteko borroka gogorra gertatu zen abenduaren 9an.

Bataila hura II. Gerra Karlistako handienetakoa izan zen. Gertakaria ikertu duen Karlos Almorza Aranzadiko kideak jasotako datuen arabera, guztira 14.000 bat soldadu bildu ziren Belabietako guda-zelaian, eta horietatik, gutxienez 600 hil ziren.

Eraso horri esker, liberalek Tolosan zeuden soldadu eta herritarrei janariak eta munizioak helarazteko bidea zabaltzea lortu zuten, baina zortzi egunetara karlotarrek berriro itxi egin zuten. Egoera horretan bi hilabete eta erdi iraun zuten, izan ere, otsailaren amaieran armada liberalak Bilbora zuzendu behar izan zituen bere ahaleginak eta ezin izan zuten Tolosa mantendu. Hortaz, otsailaren 28an, Tolosa ebakuatzea erabaki zuten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!