Zizurkilgo Jaiak 2024

Zizurkilgo jaiez gozatzeko prest

Ainhoa Gil 2024ko abu. 7a, 09:17

Jare Urkola, Irati Gorostidi eta Garazi Ollakarizketa, Festa Batzordeko kideak.

Zizurkilgo herriguneko Festa Batzordeak aurreratuta ditu lanik handienak. Hainbat bilera egin ondoren, prest dago jai egitaraua eta abuztuaren 14a iristea besterik ez da falta jai-giro betean murgildu ahal izateko

Abuztuaren 15ean ospatzen dute jaietako egun handia Zizurkilgo herrigunean. Bezperan, abuztuaren 14an, hasiko dira aurtengoak eta 17ra arte festetan murgilduta ibiliko dira zizurkildarrak.

Festak antolatzeko lanak, ordea, askoz ere lehenago hasten dira, ia urtearekin batera. Urtarrilean elkartzen dira lehendabiziko aldiz Festa Batzordeko kideak, jaietako datak ezarri eta musika taldeak lotzen hasteko. Jare Urkola, Irati Gorostidi eta Garazi Ollakarizketa gazteak Festa Batzordeko kide dira: "Iaz hasi ginen bileratan parte hartzen. Festa Batzordeko kideak gerturatu zitzaizkigun, taldera batzeko gonbita luzatzera. Gure adineko jendearen iritzia eta proposamenak behar zituztela aipatu ziguten eta animatu egin ginen". 

Festa Batzordea

Iazko esperientziari jarraipena emanez, aurten ere Festa Batzordera batu dira hiru gazte zizurkildarrak. "Jaietan gure gustuko ekintzak eta kontzertuak eduki ahal izateko, garrantzitsua da antolaketan ere parte hartzea. Egia esan, Festa Batzordean jende gehiago arituko zela espero genuen, baina oso talde txikia da. Gure inguruan aipatu izan dugu jende gehiagoren beharra, baina momentuz ez da beste inor animatu", azaldu dute. 

Gustora ageri dira aurten prestatutako egitarauarekin. "Distopia elektrotxaranga izango da lehen egunean eta, Eire eta Añube taldeen kontzertuak azkenekoan. Bi hitzordu potolo dira biak ere. Ea jendea gerturatzen den". Berrikuntza gisa, herri bazkariaren ondoren, txaranga izango da aurten. "Lehendabiziko aldia da eta giro polita sortuko duela uste dugu", aipatu dute. "Iaz egindako Portxetako igoera ez da egingo aurten, eta lagun-arteko herri kirol saioa ere ez. Gainerantzean, urteroko ildoari jarraituko dio egitarauak; ondo osatua geratu da, adin guztietarako egokia", gaineratu dute. 

Zizurkilgo jaietara gerturatzeko gonbita 

Euren ume garaitan Zizurkilgo jaietan jende gehiago ibiltzen zela aipatu dute hiruek: "Data horietan herri askotan izaten dira jaiak, eta ez da jendetzarik etortzen Zizurkilera. Aurten gehixeago etorriko dela iruditzen zaigu. Azken eguneko kontzertuak, esaterako, oso erakargarriak dira. Zizurkilgo herrigunea nahiko eskura geratzen da eskualdetik etorri ahal izateko, eta jendea animatu nahi genuke. Etor daitezela ondo pasatzera!". Aurten, gainera, garraio publiko zerbitzua erabilgarri izango da festetako azken egunerako. 

Oilasko-biltzea, gustuko ekitaldia gazteentzat

Zizurkilgo jaietako ekitaldirik gustukoenez galdetuta, bi nabarmendu dituzte: "Azken eguneko kontzertuak, eta oilasko-biltzea. Herriko gazteok ateratzen gara baserriz baserri eta oso ondo pasatzen dugu. Pozik hartzen gaituzte baserrietan. Plazara iritsitakoan ere, herritarrak gure zain egoten dira eta oso momentu polita izaten da", azpimarratu dute. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!