26. edizioa du jada, eta azokaren filosofia eta helburua argia da: bertako ekoizleei eta artisauei ikusgarritasuna eman eta haien produktuak saltzeko espazio bat eskaintzea. Maite Amenabar aLkatearen hitzetan, “Zizurkilgo Azoka Berezia festa bat baino askoz gehiago da; bertako baserritar eta artisauek beren lanari balioa emateko aukera paregabea da, herritarrekin zuzenean konektatzeko espazio bat. Gainera, herritarrei erosketak modu arduratsuan egiteko tokia eskaintzen die. Zoritxarrez urteen poderioz galtzen ari diren ofizio horiei bultzada ematea da gure xedea, lanabes horiek indartzea”.
"Azoka honek, urtero bezala, kalitate handiko produktuak eskaintzeko konpromisoa hartzen du, eta bisitariei bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz ohartarazteko aukera ematen die. Urtero aurkezten diren produktuen kalitatea da gure lehentasunetako bat. Azoka honetan erosketa kontziente eta arduratsuak egitea nahi dugu, bertako ekoizleei eta artisauei lagunduz. Zergaitik ez baliatu asteko erosketa egiteko? Horretarako leku aproposa da Azoka Berezia”, azpimarratu du Ainhoa Larrea udal teknikariak.
Aurtengoan azokak 47 postu izango ditu guztira: 21 elikagai postu eta 26 artisautza postu. Horien artean zortzi izango dira zizurkildarrak: RBLD Sagardo Upategia, Aranburu Oilotegia, Garazi Loradenda, Mertxe Arbide Camps arilea, Dario Arteta Alba artisaua, Fadwa Hajjioui eta Habiba Bakkour (marokoar jakiak eta gozoak), Nai bitxiak, XUN belarritakoak. “Zizurkilgo ekoizle eta artisauak gure azokaren ardatz izatea benetan garrantzitsua da, izan ere, herritarren parte-hartzea ekitaldi honen bihotza da. Azokako postuetan bertako produktuak erosteko aukera izateaz gain, artisauen lanak zuzenean nola egiten diren ikusterik ere izango da. Produktu bakoitzaren atzean dagoen dedikazio eta esfortzua handia da, eta lan prozesua bertatik bertara ikustea funtsezkoa da, produktu bakoitzaren atzean dagoen lana ulertzeko,” adierazi du Larreak.
Egitaraua
Nekazari eta artisau postuez gain, egitarau zabala izango da adin guztientzako jarduerekin. Besteak beste, 11:00etan, harri zulatzaiLeen erakustaldia izango da. Bertaratzen direnek ofizio zahar hau zuzenean ikusteaz gain, praktikatzeko aukera ere izango dute. 12:00etatik aurreram haurrei zuzendutako tailerrak egongo dira: fieltro tailerra eta hennazko tatuajeak egiteko aukera izango dute etxeko txikienek.
Era berean, pottoken erakustaldia izango da eta San Millango belazean pottokan ibiLtzeko aukera ere izango dute, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen Laguntzaz.
12:30ean plaza dantza gidatuak izango dira eta, ohi bezala, azokak elkartasun kutsua ere izango du. Goiz guztian zehar El Salvadorren aldeko talo postua izango da, eta Otaño eta Mendigain herriko bi ikastetxeek ere euren postua jarriko dute.
Herri bazkaria
Aurtengoan ere herri bazkaria egingo da Plaza Etxeberri Jatetxeko jangelan. Hiru menu egongo dira aukeran: parrilla menua, menu beganoa eta haurrentzako menua. Txartelak salgai daude Iriarten. Helduen menuak 25 euroko prezioa du eta haurrenak, berriz, 12 eurokoa.
Autobus zerbitzua, doan
Mugikortasuna errazteko asmoz, Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du goizeko 10:15etatik 15:00ak arte. Bi geltoki egongo dira: Bulandegi bideko biribilgunean eta Zubiaurretxon. "Herritar eta bisitari guztiak doako zerbitzu hau erabiltzera animatu nahi ditut. Izan ere, herrigunera iristeko modu erosoagoa da eta, aldi berean, egunean zehar trafikoa eta ingurumenarekiko inpaktua murrizten lagunduko dute”, adierazi du Amenabarrek.
Aizkora erakustaldia
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, aizkora erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da Intxaur frontoian. Emakumezkoetan, Nerea Sorondo eta Oihana Fernandez de Barren arituko dira lehian; gizonezkoetan, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Eneko Otaño. Euskadiko Txapelketetan aritzen diren bost aizkolari dira. Banakako lana egingo dute eta lan desberdina bezain interesgarria egingo dute, Euskadiko Herri Kirol Federakundearen Laguntzaz.
“Zizurkilgo herrigunera hurbildu eta egun ederra pasatzera gonbidatu nahi ditut herritar eta bisitari guztiak. Zuon parte-hartzea ezinbestekoa da gure azoka arrakastatsua izateko”, nabarmendu du Amenabarrek. Azokare antolaketan parte hartzen duten eragile guztiei eskerrak eman dizkiete agerraldian.