Danok Danena halterofilia taldea, entrenatzeko gune baten premian

Aiurri 2024ko aza. 6a, 11:50

Duela 34 urte sortu zen Zizurkilgo Danok Danena halterofilia taldea. Kirol emaitza ikaragarriak lortu ditu taldeak bere ibilbidean, eta hainbat gazteren bilgune izan da urte hauetan zehar. Villabonako Olaederra kiroldegian egiten dituzte entrenamentu saioak, 'zulo' gisa ezagutzen duten gelan. Urte asko daramate entrenatzeko gune duina eskatuz, emaitzarik gabe. Zizurkilgo udalaren plenuan izan ziren, euren aldarrikapenak gogorarazteko. Taldeak BIDEO bat erakutsi zien udal ordezkariei.

Urriaren 29an, arratsaldeko 19:00etan hasi zen osoko batzarra. Ordu erdi lehenago, Danok Danena taldeko kideak bildu ziren udaletxe aurrean. Prestatzaileak, kirolariak, taldeko kide ohiak, senideak... taldearen inguruko hamarnaka pertsona elkartu ziren bertan.

Plenu aretora gerturatu ziren eta, galde-erreguen tartean hartu zuten hitza. Batis Kortajarena prestatzaileak, taldeak bizi duen egoera laburbiltzen zuen bideoa aurkeztu zuen. Eki Lizaso pultsulariaren aitak egin du BIDEOA, hainbat testigantza bilduz. Olaederra kiroldegian dituzten baldintzak jasotzen ditu ikusentzunezkoak. Pleno aretoan bildutakoek adi jarraitu zuten bideoa.

Batis Kortajarenak hartu zuen hitza ondoren: "Urte asko daramagu halterofiliarako gimnasio bat behar dugula esanez. 34 urtetako lanak ez du erantzunik eduki eta erabakia hartu behar da. Ea herria mugitzen den eta zerbait lortzen dugu, behar bezala lan egiteko. Ez bada horrela, beste leku batera joango gara. Penagarria izango litzake halterofilia Zizurkildik ateratzea. Hori gerta ez dadin ari gara lanean".

Maite Amenabar alkateak hartu zuen hitza, lehen erantzuna emateko: "Legealdi honen hasieran Batisekin eta taldeko beste hainbat kiderekin elkartu ginen. Konpromiso bat hartu genuen beraiekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan zigun 2025eko ekainean diru laguntza lerro bat irekiko zela, eta gure helburua, proiektu hau bertan aurkeztea da. Partida hori hor dago, eta proiektua lantzen ari gara. Eremua badaukagu, udalaren jabetzan dagoena. Baina ez da ahaztu behar 3.000 biztanleko herri bat garela. Gure baliabide ekonomikoak dauzkagu, eta horren baitan izango da erantzuna". EAJ eta PSOEko ordezkariei eman zien hitza ondoren Amenabarrek, ekimen honetarako laguntza eskatuz.

EAJko ordezkari den Maria Jesus Zelaiak hitza hartu zuen: "Lekua ez da egokia, eta arazo ugari dituzue. Horretan ados gaude. Egia da udal txiki bat dela gurea, sarrera txikiak dituena. Udal gobernuak gehiengoa dauka, eta gure laguntza behar badu, gu prest gaude laguntzeko".

PSOEko ordezkari Jose Antonio Sanchezek norabide berean hitz egin zuen: "Alderdi Sozialistatik argi daukagu Denok Danenak espazio berria behar duela. Aurrez proposamenak egin izan ditugu bide horretan. Edozein lekutan gure esku dagoena egiteko prest gaude".

Haserre agertu ziren Danok Danena taldeko kideak. Batis Kortajarenak azpimarratu zuenez,  "legealdi asko pasa dira eta ez guk egoera berean jarraitzen dugu. Aurreko legealdian hainbat egoitza ikusi nituen, guztiak orain dugun zuloa baino hobeak. Dirulaguntza eskatzeko garaia iritsi zenean, ordea, gaizki-ulertu bat medio, aukera galdu zen. Ondorioz, egoera berean jarraitzen dugu. Oso baldintza txarretan egiten ditugu entrenamentuak, bero handiarekin, hezetasun handiarekin, oso toki gutxirekin... Gaztetxo asko dauzkagu taldean sartzeko gogoz eta ilusioz, eta ezezkoa eman beharrean gaude, ez dugulako toki egokirik"

Taldeko idazkari lanak egiten dituen Lourdes Sarasuak ere hartu zuen hitza: "Sinistu nahi dut, baina ez dakit. Legealdi hasieran ere gauza bera esan zeniguten, baina hortik aurrera ez dugu erantzunik jaso. Diru partida bat dagoela diozue, nik ez dakit. Hemen kontua da kanpotik eskakizun asko jasotzen ari garela, eta ezezkoa esaten diegula, lekurik ez daukagulako. Sinistu nahi dut, baina ez daukat inongo konfiantzarik".

Taldekide eta senide askoren babesa izan zuten taldeko ordezkariek atzoko batzar orokorrean. Nazioarteko mailan dabilen Eki Lizaso pultsulariaren aita ere bertan zen: "Kirol emaitza ikusgarriak ditu Danok Danenak, baina Danena hori baino askoz gehiago da. Gaur egun halterofilia tresna ezin hobea da zuek bilatzen ari zareten hainbat helburu lortzeko. Halterofilian, gaur egun, txapelketan neska gehiago daude mutilak baino. Halterofilia eta Danena gizarteratzeko tresna ezin hobea dira. Hemen etorkinen seme-alaba ugari daude, euskal giro batean kirola egiten. Ezgaitasun kasuak ere badaude. Guzti hori da Danena. Ez da kirol proiektu bat bakarrik, gizarte proiektu bat da. Eta zuek, herrian duzue. Mesedez, balioa eman, izugarrizko altxorra daukazue. Ez utzi herritik joaten, galduko duzuena handia baita".

Egoitza berria lortzeko bidean, lanean jarraitzeko asmoa adierazi zuten Danok Danena taldeko kideek. "Zarata aterako dugu, kalean. Hauxe da orain gura borroka, eta horretan jarraituko dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!