Txalo zaparrada jaso zuen Ombuaren Itzala pelikulak

aiurri 2024ko abe. 1a, 17:07

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza kontagai duen Ombuaren Itzala estreinatu zuten San Millan elizan, atzo ilunabarrean. Filmaren grabaketan eta errodajean modu batera edo bestera parte hartu dutenak, zine zaleak eta bertsozaleak bildu zituen estreinaldiak, eta sentsazio gozoekin irten ziren emanalditik guztiak ere. Ekitaldiko argazkiak eta bi bideo, ikusgai:

Proiekzioari ekin aurretik, Maite Amenabar alkateak Patxi Bisquerti eskerrak eman zizkion Zizurkilgo herriaren izenean. “114 urte dira Pello Mari Otaño hil zela, herritar unibertsalena. Euskal Herrian arrastorik sakonena utzi duen zizurkildarra da, eta beste zizurkildar unibertsal batek, Patxi Bisquertek ekarri digu guganaino, gaurkotu digu Otañoren ondarea, pelikula bihurtuz. Zizurkildarren izenean, mila esker”.

Otañoren orduko jardunaren ardatzak gaurkotasuna dutela gehitu zuen Amenabarrek. “Euskal Herria, euskara, bertsoa… Pello Marik zituen erronkak gureak ere badira. Herri baten ahots urratua izan zelako, Otaño aldarrikatuz, herri oso batek izateko gogoa aldarrikatzen dugu guk ere”.

Bisquert pozik agertu zen emanaldian, “kosta zaigu hona iristea, 13 urte, baina pozik gaude erabat, nire amets txikia plazaratzeko gai izan garelako. Auzolanean egin dugu, herrigintzan, eta horrek emozioak eta sentimenduak handitu egiten dizkit, zailtasunak ere gehitu arren”.

 

Amasa Villabonan, hurrengo egunetan ikusgai

Zizurkilgo lehen ikustaldia eginda, Amasa-Villabonan, Gurea antzokia ikusi ahal izango da filma. Hain zuzen, abenduaren 6, 7, 8 eta 9an; 19:30ean izango dira emanaldi guztiak. Gainera, abenduaren 7an, 22:00etan ere proiektatuko dute. Auzolanaren filosofiarekin atondu da hasieratik filma, eta proiektua babesteko bonua erosi dutenek doan ikusi ahal izan dute. Gainerakoan, lau euroko sarrerak jarriko dituzte. Auzolanean egindako proiektua da filma esan bezala, eta Euskal Herriko antzoki eta kultur-etxeetan proiektatuko dute filma datozen aste eta hilabeteetan.

* Maite Amenabar alkatea eta Patxi Bisquert zuzendaria aurkezten:

 

* Ombuaren Itzala pelikularen estreinaldia: txaloak Patxi Bisquert zuzendariari:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!