Zizurkilgo Udalak landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatzeko lanak hasiko ditu

Aiurri 2025ko urt. 30a, 11:12

Zizurkilgo Udalak 3. poligonoko landa-lurren mugak argitu eta beharrezko zuzenketak egiteko proiektua abiatu du. Ekimen honen helburua da lursailen mugak topografikoki zehaztea, GPS koordenatu zehatzak esleituz mugarriei eta mugei.

Azken urteotan, jabeen edo haien oinordekoen ezagutza faltak eta ezjakintasunak mugak nahastea edo desagerraraztea eragin du, eta horrek mendien zaintza eta landa-munduaren kontserbazioa kaltetzen ditu. Egoera horren aurrean, Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntzarekin, proiektu honi ekin dio.

Guztira, 251 hektareako azalera duten 209 lursail baino gehiago mugatuko dira, topografia-enpresa baten laguntza teknikoarekin. Udalerriko landa-lurraren hedadura zabala dela eta, aurten 3. poligonoko lanak egingo dira, eta hurrengo urteetan gainontzeko poligonoetara zabalduko da proiektua.

Lanak behar bezala gauzatzeko, 71 jabe baino gehiagoren kolaborazioa beharrezkoa izango da. Parte-hartzea borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Hala ere, neurketa topografikoak egin aurretik mugak garbitzea, mugarriak identifikatzea eta mugakideekin adostasunak lortzea ezinbestekoa da. Auzokideen artean adostasunik ez badago, ezin izango da proiektua gauzatu.

Lanak amaitutakoan, jabeei mugak eta mugarriak jasotzen dituzten planoak emango zaizkie. Horrez gain, beharrezkoa izanez gero, Katastroko datuak eguneratuko dira.


Herritarrei zuzendutako azalpen-bilera
Zizurkilgo 3. poligonoko landa-lursailen jabe guztiek proiektuari buruzko azalpenak jasotzeko aukera izango dute datorren otsailaren 11n Iriarte Kultur Etxean egingo diren bileretan:

  • Otsailak 11, asteartea: 11:00etan.
  • Otsailak 11, asteartea: 17:00etan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!