Ezkeltzuko parke eolikoan ez duela aurrera egingo jakinarazi dio enpresak udalari

Aiurri 2025ko ots. 3a, 11:25

Zizurkilgo Udalak kaleratu duen ohar batean jakinarazi du Green Capital enpresak baztertu egin duela Ezkeltzuko parke eolikoaren proiektua. Hona hemen, udalak bere webgune eta sare-sozialetan zabaldutako oharra:

"Zizurkilgo Udalak jakin ahal izan duenez, Ezkeltzu inguruan parke eolikoa eraikitzeko proiektua baztertzea erabaki du Green Capital enpresak. Espainiako Aire Segurtasuneko Agentziaren (AESA) irizpen teknikoak erabakigarriak izan dira proiektuaren geldialdia erabakitzeko; izan ere, agentziaren arabera, Zizurkilgo egitasmoak aire-segurtasun arazoak sor zitzakeen. Ondorioz, ezinezkoa bihurtu da proiektua gauzatzea. Enpresak ahoz jakinarazi dio Udalari proiektua behin betiko bertan behera uzteko erabakia.

“2024ko abenduan jakin genuen Eusko Jaurlaritzak behin-behinean itxitzat eman zuela proiektuari lotutako espedientea, AESAren erantzunik jaso ez zelako. Dena den, horrek ez zuen esan nahi proiektua betiko baztertu zenik, enpresak helegitea aurkezteko aukera baitzuen. Orain, enpresak berak erabaki du egitasmoari behin betiko uko egitea, eta hala jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari”, adierazi du Maite Amenabar alkateak.

Zizurkilgo Udalak positibotzat jo du proiektua bertan behera uztea, zalantza haundiak sortzen baizizkien ingurumenari, paisaiari eta ondareari eragingo lizkioken kalteen inguruan".

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!