Herri memoria; Hegitik Egiara

Aiurri 2025ko ots. 6a, 12:11

Zizurkilgo Memoria taldeak jakinarazi duenez, aldaketak datoz memoriaren alorreko ekimenetan. Aurten ez da izango kasu bakoitzari espresuki eskainitako ekitaldirik. Estatuak eragindako sufrimenduaren memoria osoa aldarrikatzeko, Urkamendi mendian egingo da ekitaldia. Memoria taldeak igorritako oharra, jarraian:

"Herri memoria: Hegitik Egiara


Euskal herriak azken hamarkadetan bizi izan duen indarkeriak baditu hamaika ertz. Egia guztiak, errelato guztiak ezinbestekoak dira aurrera egin nahi badugu. Argi dago, ordea, espainiar estatuak ez duela interesik zenbait egia argitara ateratzeko. Zizurkilgo herri memoria taldetik, uste dugu herritik bertatik sustatu behar dugula memoria osoaren aldarrikapena, guk kontatu behar diegula ondorengoei herri honetan gertatua, gure kasuan, Zizurkilen.


Oraindik inolako aitortzarik ez duten eta estatu aparatuek hil zituzten bi kide ditugu herrian, Joxe Arregi eta Joxelu Geresta “Ttotto”. Urtero-urtero eskatu dugu eurentzat egia, aitortza eta erreparazioa azken 44 eta 26 urteetan. Ez gara nekatuko salatzen Estatu espainolak zein frantsesak, neurri batean ere, torturaz Euskal Herritarren aurka egin duten erabilpen sistematiko maltzurra. Joxeren erailketa horren adierazpen eta ondorio gordina da. Baita gaur egun ere sekretu ofizialeko legeak eragiten duena, Ttotto eta beste hainbat erailketa argitu gabe eta ezkutuan gordetzeko.


Aurten, ordea, ez da izango kasu bakoitzari espresuki eskainiko zaion ekitaldirik. Senideekin hitz eginda hartu da erabakia, hainbat faktore kontuan izanda. Urteurren borobiletan eutsiko diegu bakoitzari lotutako ekitaldiei, baina bien bitartean, aldaketa hau baliatuko dugu estatuak eragindako sufrimenduaren memoria osoa aldarrikatzeko; torturatuena, erbesteratuena, gerra zikinak hil eta jazarritakoena… Egia asko dago oraindik ezkutuan.
Lan hori egitera goaz datozen hilabeteetan Zizurkilen. Lehen geltoki gisa, otsailaren 22, larunbatean, Urkamendi mendian, “Herri oroimenaren gunean” elkartuko gara. Zizurkilgo Udalarekin eta herritarrekin batera antolatu dugun ekitaldi sorta zabalago baten barnean aurtengo hitzordu nagusia izango da Urkamendikoa. Gonbidatuta zaudete.

Herri memoria: Ekitaldiak

Otsailaren 13, Atxulondo kultur etxea 19:00etan: Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala, Esteban Muruetagoiena medikuaren kasuaz.
Otsailak 22, 12:00etan Urkamendin: “Hegitik Egiara” ekitaldia. *Eguraldi txarrarekin zimiterioan egingo da.
Martxoak 7, 19:00etan zineforuma Herribiziguneren lokalean: Non dago Mikel? dokumentala.
Martxoak 14, 19:00etan Iriarte kultur etxean: Paco Etxeberria mediku forentsearen hitzaldia."


Zizurkilgo Herri memoria taldea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!