Norbaitek aipatu zuen orduan Nafarroako ez dakit zein tokitan, bertako herritarrak egun batez txapela jantzita ateratzen zirela kalera festa egitera. Ideia polita iruditu zitzaigun eta, ordu txikien animoek bultzatuta ziur asko, gu ez ginela haiek baino gutxiago izango…, horrela abiatu zen lehen Txapel Eguna hura, festa giroan.
Guri, ordea, eguna herritarren bat omentzeko aprobetxatu behar genuela otu zitzaigun. Baina, nor omendu? Nolakoa izan behar zuen? Ez genuen Fisika Kuantikoan Nobel Saria bilatzen, ezta primerako futbol ligan gol gehien sartu zuena edo alderdi politiko bateko lidergoa zeukana. Ez. Oso bat gentozen guztiok Zizurkildarra eta Herritarra, biak letra handiz, behar zuela izan. Herriaz harro eta Zizurkil maite zuena, gau eta egun etxeko zuloan gorde beharrean gainontzeko herritarrokin eguneroko bizitza partekatzen zekiena, han eta hemen beti eskua botatzeko prest zegoena… Geniona: Herritarra, maiuskulaz. Hura izango zen urteko txapela jantziko zuena eta, gainera, abuztuko Ama Birjinetako herriko jaien hasierako suziria botatzeko ohorea eramango zuena. Gogoratzen dugu, bai, lehen Txapeldun izendatu genuen hura: Nekolako Praxku attona. 1994ko martxoaren 12a zen.
2025 honetarako, Jai Batzordeak ondo asko ezagutzen dudan lagun handi bat izendatu du Txapeldun: Zalduko Luix Urkola. Nork ez daki nor den Luix? Nork ez daki zein den Zaldugoenako baserritarra eta Zizurkilgo brigada-buru? Ezagutzen dituzue navaja suiza horiek? Laban txikia, laban handiagoa, destornilladorea, abrelatasa, sakakortxoa… denetatik dutena. Ba horrelakoxea da Luix. Navaja suiza. Zerbait falta dela herriko ez dakit non? Luix han. Zerbait eraman edo ekarri behar dela? Luixek. Nola prestatuko genuke beste hura? Luixek jakingo du. Chico para todo. Eta, horrez gain eta bereziki, urte luzeetan herriaren alde jarduteko konpromisoa bizkar gainean hartzen jakin duena, euskaldun eta abertzalea izatearen sentimendua bihotzean tinkatuta daramana. Hori guztiagatik da Luix hain estimatua Zizurkilen.
Ederki asko merezitakoa du Zalduk Zizurkilgo herritarrok martxoaren 15eko larunbatean eskainiko diogun ohorea. Altuera oso luzekoa ez, baina gizon handia haiz, Luix. Bejon deikela.