Bizi-bizi dago Plazida Otaño liburutegia. Hainbat ekimen antolatzen dute urtean zehar eta, haur eta gaztetxoei zuzendutako ekimen berria abiarazi berri dute: literatur tertulia. Arantxa Zabala eta Ainhoa Sukia liburuzainek azaldu dituzte nondik norakoak. "Aurreko bi urtetan irakurketa erronka eta literatur erronka izan genituen martxan. Urtean zehar, gai ezberdinei lotutako liburuak irakurtzea eta haien inguruko iritzia ematea zen irakurketa erronkaren funtsa, idazketarekin lotutakoa, berriz, literatur erronka. Bi ekimen hauek ondo funtzionatu zuten, parte-hartze politarekin, baina eskolako ariketa baten itxura hartzen zuenaren errezeloa ere bagenuen. Iritzi propioa eman beharrean, liburuaren laburpena egiten zuten askok eta helburua ez zen hori. Literatur erronkan berriz, arrazakeriaren inguruko lanketa egin nahi izan genuen, gaiaren inguruko idazlanak eskatuz. Parte-hartze txikia zen eta beste zerbaiten bila hasi ginen".
Literatura eta aisialdia
Helduen literatur tertuliak hartu zituzten eredu. "Oso ondo funtzionatzen dute. Liburuzainok ere parte hartzen dugu eta oso garrantzitsua da hori; liburutegian egiten ditugun ekimenetan guk geuk parte hartzen badugu errazagoa da jendearen konpromisoa lortzea. Liburutegian bi pertsona lanean aritzeak ahalbidetzen digu hori". Haurren literatur tertuliatan Ainhoa Sukia liburuzaina arituko da.
Zortzi eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago literatur kluba.
Ainhoa Sukiak azaldu duenez, "helburu ezberdinak ditu; batetik gaztetxoek literatura aisialdiarekin lotzea, bestetik, gaitasun kritikoa garatzen joatea eta baita euren iritzia taldean azaltzeko gaitasuna garatzea ere".
Martxoak 21, ostirala
Martxoaren 21ean egingo dute lehen saioa: "Erantzunaren arabera ikusiko dugu saioei zein maiztasun eman. Lehendabiziko saio hau Raina Telgemelerren 'Irri egin' komikiaren inguruan antolatu dugu. Bederatzi gaztetxok eman dute izena eta, liburutegia arduratu da guztiontzako liburuak lortzeaz. Egunotan hasiko dira jasotzen, eta martxoaren 21ean elkartuko gara liburuaren inguruan hitz egiteko. Helduen literatur tertuliatan joan gara ikasten saio hauek nola gidatu". Komikia aukeratu dute lehen saio honetarako: "Eskolako lanak, eskolaz kanpoko ekintzak... izaten dituzte, eta komikia erakargarria izan zitekela iruditu zitzaigun. Taldearen interesen arabera, beste formatu batzuk ere planteatuko ditugu etorkizunean; nobela, poesia... Beti euskerari indar berezia emanez".
Talde polita
Liburutegian bertan, herriko ikastetxetan, Udalak kaleratzen duen zer ote-n, sare sozialetan... modu ezberdinetan egin dute haur literatura tertuliatarako deialdia. "Bederatzi gaztetxo animatu dira; oso talde polita da. Talde handiegia ere ez da komeni izaten, saioak gidatzea zailagoa izaten delako. Oso zaila da talde handian denek euren iritzia ematea. Guk hamabi-hamabost pertsona inguru jarri genuen muga gisa, eta azkenean bederatzik eman dute izena. Gustura gaude", azaldu du Arantxa Zabalak. "Kontuan hartu behar da gaurko gazteek eskolaz kanpoko ekintza asko izaten dutela, eta ez dela erraza izan saiorako eguna lotzea ere. Nolanahi ere, bederatzi pertsonaren parte-hartzea izango dugu, kopuru polita".
Plazida Otaño liburutegian ez daude geldirik egoteko, eta dagoeneko ari dira apirileko liburuaren egunaren inguruko ekimenak prestatzen, beste hainbat ekitaldiren artean.
Erreportajea osoa irakurgai dago Aiurri 666 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.