Zizurkilgo Udalak oharra zabaldu du, egindako bileren inguruko berri emateko:
Errepide sailarekin bilera
Pasa den astean, Udala Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin eta Mikel Uribetxeberria teknikariarekin bildu zen, saihesbidearen proiektua eta herriguneko segurtasuna hobetzeko neurriak aztertzeko.
Udalak 2024ko urtarrilean saihesbidearen proiektua bizkortzeko eskaria egin zion Errepide Sailari, eta uztailean, Aldundiak ibilbide alternatibo bat proposatu zuen. Hala ere, Udalak proposamena berrikusi eta hainbat egokitzapen eskatu ditu, saihesbideak udalerriaren etorkizuneko garapena errespetatu eta herritarren bizi-kalitatea bermatzeko.
- Udalak Aldundiari honako neurriak eskatzen dizkio:
- Saihesbidearen proiektua egokitu eta gauzatzea.
- Bulandegiko Irisgarritasun Planaren D eremua gauzatzea.
- Olentzo bidegurutzean biribilgune bat egitea.
- Saihesbidea egin bitartean, oinezko pasabideak eta segurtasun-neurriak indartzea.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak adierazi duenez, "Udalak saihesbidearen proiektua lehenesten du, baina ezin dugu proiektua gauzatu arte zain egon. Premiazko neurriak behar ditugu herritarren segurtasuna bermatzeko, eta hori Errepide Sailarekin koordinatuta egin nahi dugu." Udalak hainbat neurri proposatu ditu, besteak beste:
Oinezko pasabideetan lurreko argiak jartzea. Abiadura-muga seinale argiztatuak ezartzea eta abiadura-muga 30 km/h-koa izatea.
Seinale horizontalak indartzea. "Cojín Berlinés" motako elementuak jartzea. Ernio bideko erreien arteko eremua eta isleta guztiak gorriz margotzea, ikusgarritasuna handitzeko. Amenabarrek azpimarratu duenez, "gure herritarren segurtasuna lehentasuna da. Saihesbidea ezinbestekoa da, baina bitartean neurri eraginkorrak hartu behar ditugu”.
1. Saihesbidearen proiektua egokitzea eta gauzatzea
Saihesbidearen helburua Elbarrena auzotik Asteasuko industriagunera doan trafikoa herrigunetik ateratzea da. Aldundiak aurkeztutako trazaduran, baina, Udalak hainbat arazo atzeman ditu.
Esaterako: Hiri-hazkunde aukerak mugatzea, udalaren HAPOren aurreikuspenak kaltetu ditzakeelako.
Akezko auzoa gehiago isolatzea, saihesbidearen kokapena ez delako egokiena.
Hori dela eta, Udalak saihesbidearen trazadura egokitzeko eskatu du, herrigunetik gertu mantenduz baina eragin negatiboak minimizatuz.
2. Bulandegiko Irisgarritasun Planaren D eremua gauzatzea
Bulandegi bideak alde batera espaloirik ez izateak oinezko ibilbideetan duen eragina, eta bihurgunearen ikusmen urria dela eta trafikoan sortzen diren arrisku egoerak kontuan izanda, Bulandegiko Irisgarritasun Planaren D eremua gauzatzea bere gain hartzeko eskatu dio Zizurkilgo Udalak Errepide Sailari.
Errepide Sailak espaloien gauzatzea Udalaren eskumena dela argudiatu du, baina bihurgunearen hobekuntza Errepide Sailaren ardura dela defendatzen du Udalak, trafiko-segurtasunaren arloan duen eragina dela eta.
3. Olentzo bidegurutzean biribilgunea
Olentzo bidegurutzean, GI-2631 eta GI-3281 errepideek bat egiten dute, eta trafiko handia eta arrisku handiko puntu bihurtu da. Bidegurutze hau Asteasuko industriaguneko sarrera nagusia ere bada, eta ibilgailu astunen intentsitate handia dago. “Udalaren eskaera da biribilgune bat eraikitzea, trafikoaren abiadura murrizteko, trafiko-zirkulazioa hobetzeko eta Asteasuko industriagunaren sarbidea egokitzeko, kamioientzako eta bertako enpresen sarrera irteera seguruagoa izan dadin”.
Zizurkilgo Udalak konpromisoa hartu du udalerriko trafikoa eta mugikortasuna hobetzeko. Horretarako, Aldundiarekin elkarlanean, segurtasun-neurri eraginkorrak ezarri eta garraio publikoa egokitzeko lan egiten jarraituko du.
Mugikortasun sailarekin bilera
Udala Fernando Prieto Mugikortasun zuzendariarekin ere bildu da, herriko garraio zerbitzu publikoa hobetzeko helburuarekin. “Udaletik hainbat eskaera aurkeztu ditugu, besteak beste, autobus geltokiak behar bezala markatzea eta lehendik dauden zerbitzuak indartzea, bereziki herrigunean”, adierazi du Maite Amenabar Alkorta alkateak.
“Herriguneko autobus zerbitzuaren maiztasuna handitzeko eskaera egin dugu, izan ere, gaur egun, goizean institutura doazen gazteek ez dute garraio zerbitzurik. Garai batean zerbitzu hori bazegoen, baina kontzesio berria egin zenean galdu zen. Orain hobekuntzak txertatzeko aukera egongo da eta, horrenbestez, Asteasutik institutura doan autobus zerbitzua herrigunetik abiatu ahal izango litzateke”, azaldu du Amenabarrek.