Mozioa EH Bilduren eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrako botoarekin
onartu zen. Onartutako adierazpenak honako konpromiso hauek jasotzen ditu:
Udalak elkartasuna eta babesa adierazten die Mikel Egibar Mitxelenari eta torturaren biktimei, bereziki udalerri horretako bizilagunei. Eta adierazten du torturaren biktimek ere badutela egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea, orain arte ukatu zaiena.
Udalak Torturaren eta tratu txarren aurkako jarrera irmoa adierazten du, era berean, Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio baliabideak jar ditzala 12/2016, uztailaren 28ko legeak aurreikusitako aitortza eskatu duten espedienteen azterketak azkartzeko.
Kasu gehienak oraindik aitortza gabe daude, batzuk oso nabarmenak, torturaz hil zuten Joxe Arregi zizurkildarrarena kasu, nahiz eta heriotzaren arrazoia Auzitegi Gorenaren epai batek berretsita dagoen.
Udalak konpromisoa agertzen du bere ahalmenen baitan egiaren ezagutzan, kasuen erreparazioan eta justiziaren bilaketan laguntzeko. Eta Giza eskubide guztien aldeko konpromisoan berresten da.
Adierazpen hau, Mikel Egibar Mitxelena jaunari eta Eusko Jaurlaritzako giza eskubideen sailari helaraziko zaie.
Joan den hilean egindako Udalbatzan, Mikel Egibar Mitxelenak bere kasua aurkeztu zuen. Egibar da Jaurlaritzak herrian aitortu duen lehen torturatua, eta Maite Amenabar alkatearen hitzetan, “funtsezkoa” da torturaren biktima izan diren pertsona guztien aitortza: “Beharrezkoa da torturaren biktimak aitortzea eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzea. Udal gisa, gure bizilagunei aitortzaren eta memoriaren aldeko borroka honetan laguntzeko betebeharra dugu. Ezin dugu onartu biktimen sufrimendua ahaztuta geratzea. Mikel Egibar Mitxelena bezala, beste askok eta askok ere torturak eta tratu ankerrak jasan dituzte, oraindik aitortu ez diren arren. Zizurkildik, torturatuen memoria aldarrikatu nahi dugu, eta eskatzen dugu errekonozimendua ez dadila baliabideen erabilgarritasunaren menpe egon, justizia egiteko borondatearen menpe baizik”.
Era berean, Joxe Arregiren kasua ekarri du gogora Amenabarrek: “1981ean hil zuten torturapean Arregi. Hamarkada batzuk igaro diren arren, oraindik ez da justizia egin berarentzat, ezta torturaren biktima askorentzat ere. Arregiren kasua hainbeste pertsonak jasan duten sufrimenduaren sinbolo da, eta ezin dugu onartu erreparaziorik gabe geratzea.”
Halaber, Amenabarrek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio indartu ditzala 12/2016 Legea aplikatzeko baliabideak, biktimek ebazpen baten zain jarrai ez dezaten eta dagokien aitorpena jaso dezaten.