Maiatza Saltsan, Ugare auzoaren eraldatzeaz

Ainhoa Gil 2025ko mai. 11a, 07:00

Ugare baserriak eman zion izena auzoari. Etxebizitza berriak eraikitzeko eraitsi zuten baserria. Aiurri

Ekitaldiz beteriko hilabetea izaten da maiatza Zizurkilen. Maiatza Saltsan ekimenak hainbat aukera eskainiko du aisialdia, kultura eta herriko ondarean sakontzeko. Ugare auzoaren eraldatzea izango da aurtengo gai nagusia.

Ugare auzoaren eraberritzea izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren gai nagusia. Ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte gai nagusi horren gainean, eta auzoaren historian sakontzeko aukera paregabea eskainiko zaie herritarrei.

Zizurkilgo Hernandorena Kultur taldeak izan du Ugare auzoaren eraldaketaren inguruko ikerketa historikoa egiteko ardura. Zenbait hilabeteko lan sakona eskatu die horrek; batetik, artxibategietan murgilduta ibili dira, bestetik, auzotarrak elkarrizketatu dituzte, xehetasun gehiago eta auzoko bizipenak jasotzeko helburuz. 

Joxin Azkue eta Iker Urruzola Hernandorena taldeko kideek eman dute euren lanaren inguruko berri: "Kultura batzordeak erabaki zuen Ugare izatea aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko gai nagusia. Hernandorena taldekoei luzatu ziguten auzoaren eraldaketaren historia biltzea, eta horretan hasi ginen", azaldu dute. Lanketa luzea egin dute eta, guztia jasotzen duen Sustraia aldizkari berezia osatuta dute dagoeneko. Herriko etxe guztietan banatuko da, maiatza erdialdetik aurrera. 

Maiatzaren 14an egingo dute euren lanaren aurkezpena. Atxulondo Kultur Etxean eskainiko dituzte ikerlanaren ondorioak eta horrekin batera, erakusketa ere zabalduko da herrian. "Hiru eremutan jarriko dira panelak. Herrigunean eta Joxe Arregi plazan panel bana jarriko da eta Ugare auzoan erakusketa zabalagoa. Liburutegian berriz, argazkiak izango dira ikusgai. Urteetan zehar auzoak izan duen bilakaera argi ikusten da panel horietan. Auzoko biztanleriak izandako eraldaketa ere adieraziko da. Hogeita hamar urtetan sekulako aldaketa izan zuen. Etorkinen iritsiera garbi sumatzen da datuetan, eta baita haien seme-alaben jaiotza ere". 

Etorkinak

Ugare auzoak lotura estua dauka etorkinekin: "Auzoko biztanle kopurua oso egonkor mantendu zen 60. hamarkadako amaierara arte. Hortxe sumatzen da etorkinen lehen olatua: 621 etorkin zenbatu ditugu. Banan bana begiratu dugu etorkin horien jatorria eta 213 Aliseda herrikoak zirela ikusi dugu. Alisedako erroldan begiratuta ikus daiteke, 60. hamarkada hartan 1500 pertsona atera zela herritik eta horietako asko Zizurkilera eta inguruko herritara etorri ziren". Zamora, Salamanca, Caceres, Badajoz... inguru horretatik etorritakoak dira orduko etorkin gehienak. 

Mende hasieran, trenaren iritsierarekin, hainbat enpresa sortu zen inguruan. "Baina momentu hartan bertako langileak, baserrietako jendea zen fabriketan lanean ari zena. Baserriaren eraldaketa ekarri zuen horrek; soroak utzi, pinua landatu... Bigarren iraultza etorkinen iritsierarekin etorri zen".

Auzoa fisikoki nola aldatu den ikusi ahal izango da erakusketan. "Ugare baserria eta etxe gutxi batzuk hartzen zituen auzoak. Proiektu ezberdinak egin zituzten eta lehendabizikoetan Ugare baserria errespetatu egiten zuten. Fase ezberdinetan garatu zen auzoa eta azkenean, bota egin zuten baserria".

Erakustaldi gidatua

Maiatzaren 18an Ugareko erakusketaren erakustaldi gidatua egingo dute. Panel ezberdinetan barrena joango gara, jasotako informazioaren inguruko azalpenak ematen. Loatzo Musika Eskolako kideak eta Bukalai dantza taldekoak ere han izango dira eta, erakusketa gidatua amaituta, hamaiketakoa egingo da Uliazpi zentroan". 

 

Maiatza saltsan 2025, egitaraua

Maiatzak 9, ostirala

19:30 AZTIA antzerki musikatua. Metrokoadroka eta Don Inorrez. Sarrerak: 3€. Atxulondo.

Maiatzak 9-10

Lladókoekin senidetzea

Maiatzak 10, larunbata

Euskadiko Halterofilia Txapelketa Nagusia.Intxaur pilotalekua.

11:00 XV. Biatloia. Herrigunea.

Maiatzak 11, igandea

Herri Urrats

Maiatzak 13, asteartea

18:00 Adimen artifizialari buruzko hitzaldia. Nahuel Pillaten eskutik. Plazida Otaño liburutegia.

Maiatzak 14, asteazkena

19:00 "Ugare auzoaren eraldaketa" hitzaldia. Hernandorena Kultur Elkartearen eskutik. Atxulondo.

Argazki erakusketa Ugaren

Maiatzak 16, ostirala

20:00 Euskaraldia. ‘Euskaldungak’ antzezlana, Aroa Blanco eta Maite Lopezekin. Iriarte.

Maiatzak 17, larunbata

Lego tailerra. Plazida Otaño liburutegia.

Maiatzak 18, igandea

11:00 Ugare eraldatu zeneko istorioa... Argazki erakusketa gidatua, Loatzo eta Bukalaien emanaldiekin.

12:30 Zizka-mizka. Ugare auzoko bizilagun eta herritarren zizka mizka, musikaz alaituta, Uliazpin.

Maiatzak 19, astelehena

18:00 Hitanoa Zizurkilen: Hi, ze esaten? Zergatik ari da galtzen hitanoa, bereziki, emakumeen artean? Iriarte.

Motxila ibiltariko misioaren erakusketaren inaugurazioa. Plazida Otaño liburutegia.

Maiatzak 23, ostirala

18:00 Bukalai dantza taldea

Ikasturte amaierako emanaldia eta plaza dantzak. Joxe Arregi plaza.

Maiatzak 24, larunbata

12:00 Gipuzkoako Pasaka txapelketa-Zizurkilgo Zimiterioa Saria. Zimiterioa.

Gaztezulo: non dago eguzki harria? Ginkana, 9-12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Izen-emateak Gaztezulon.

Maiatzak 27, asteartea

18:00 Trebagurasoak. Seme-alaben autoestimua elikatzen, Nerea Mendizabalekin. Gaztezulo.

17:30 Literatur tertulia. ‘Punto bobo’, Oihana Iguaranek gidatuta. Plazida Otaño liburutegia.

Maiatzak 28, asteazkena

18:00 Sendabelar baratzea. Saio teoriko-praktikoa, Garbiñe Larrearen eskutik, 15 pertsonako taldea osatuko da. Izen-ematea Udal-bulegoetan (5).

Iriarte.

Maiatzak 30, ostirala

Pausoka, adinak ez du inporta. Ibilaldia Asteasuko bidegorria.

Maiatzak 31, larunbata

Senidetze eguna. Amasa-Villabona.

Ekainak 3, asteartea

Bisita. El Salvadorreko ordezkarien bisitak Otaño eta Mendigain ikastetxeetara.

Ekainak 4, asteazkena

19:00 Hitzaldia. Ni gerrillera eta zer dakigu bertako emakumeen erresitentziari buruz frankismoan? Plazida Otañoko gela balionitza.

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 670 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!