Francesco Tonucci pedagogo italiarraren bisitaldia Zizurkilgo Mendigain eskolara

Aiurri 2025ko mai. 17a, 16:42

Francesco Tonucci pedagogo italiarra Zizurkilgo Mendigain eskolan izan da gaur goizean eta harrera beroa eskaini diote bertan. Elena Laizek idatzitako '100 lengoaia, 11 esperientzia' liburua aurkeztu du eta hainbat lekukotza entzun ahal izan dira eskolako aretoan.

Zizurkilgo Mendigain eta Abaltzisketako Txalburu eskoletako irakasle eta familiak elkartu dira gaurko ekitaldian, baita Gipuzkoako eskola txikietako hainbat ordezkari ere. Francescorekin batera gerturatu dira bere izena daraman nazioarteko elkarteko ordezkariak ere.

Harrera goxoa eskaini diete eskolaren atarian. Ikasleek agurra dantzatu diete eta, soinu eta panderoen laguntzaz igo dira guztiak eskolako ganbarara. Guztiz bete da aretoa eta hunkigarri joan da goiza. Francesco Tonuccik botatako erronkari heldu ondoren eraldatu zituzten Mendigain eta Txalburu eskolak. 2 eta 12 urte arteko haurrak elkarrekin aritzen dira eskolan eta, ikasgelen ordez tailerrak dituzte. Duela 12 urte ekin zioten bide hari eta gaur hainbat lekukotza entzun ahal izan dira. Francesco Tonucci bera oso eskertuta agertu da, baita bere izena daraman elkarteko ordezkaria den Lorena Morachimo ere.  

Ikasle ohiak, bide haren hasieran guraso izan zirenak, irakasleak, bi eskoletako zuzendariak, Eskola Txikietako koordinatzaileak, egungo ikasleak... guztiek izan dute euren bizipenak azaltzeko aukera. Une hunkigarriak izan ditu goizak.

Elena Laizek ere hartu du hitza. Liburuan bildu ditu bi ikastetxeetan egindako bidearen xehetasunak eta, eskertuta hartu du hitza. Maisu maestrak, ikasleak, familiak, Francesco Tonucci bera... guztientzat izan ditu eskertza hitzak.

Hiru eguneko bisitaldia egin du Francesco Tonuccik. Abaltzisketan hitzaldi jendetsua eskaini zuen ostegunean, Mendigain eskolako jarduna gertutik ikusteko aukera izan zuen ostiralean eta formakuntza saioa ere eskaini zieten irakasleei eta, Elena Laizen liburu aurkezpenarekin amaitutzat eman du bisitaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!