Ugare auzoaren eraldaketaren inguruko ekitaldi ederra

Aiurri 2025ko mai. 18a, 13:19

Ugare auzoaren eraldaketa izan da aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren gai nagusia. Eraldaketa hori gertutik ezagutu eta, jai giroan, auzoan murgiltzeko aukera eman duen ekitaldia ospatu dute gaur. Hernandorena kultur taldeko kideek eman dituzte azalpenak, Bukalai dantza taldeak eta Loatzo Musika eskolak jarri diote doinua eta kolorea.

Ixabel Agirresarobek egin ditu gidari lanak gaurko ekitaldian. Bukalai dantza taldeak zabaldu du ekitaldia eta Hernandorena taldeko Joxin Azkuek hartu du lekukoa, auzoaren eraldaketaren berri emateko.

Informazio ugari biltzen duten panelak jarri dituzte auzoan barrena eta jende asko gerturatu da haietara. Ondoren, soinu eta pandero hotsek lagunduta, auzoko anfiteatrora gerturatu dira bizilagunak. Bertan zeuden Loatzo Musika Eskolako kideak, emanalditxoa eskaintzeko prest. Jan-edan goxoak dastatzeko aukera ere izan da, urdaiazpiko-moztaile eta guzti.

Giro ederra sortu da anfiteatroaren inguruan, auzoko pasarte ezberdinak gogoratuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!