Apirilean abiatu zen Gipuzkoako Pasaka txapelketa, Zizurkilgo Zimiterioan. Joko zuzena da pasaka, antzinatik datorrena eta, aste hauetan zehar hainbatek izan du partidak gertutik ikusteko aukera.
Zortzi bikotek hartu dute parte, eta Urbietarrak heldu dira finalera. Jon eta Xabier anaiak, Urbieta I eta II, Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko jokalariak dira. Anaiak dira, baita ere, Andoni eta Ibai, Urbieta III eta IV. Oiartzungo Txost taldeko pilotariak dira hauek. Lehengusuak dira guztiak elkarren artean.
Hamahiru tantora jokatu da gaurko partida eta, lehen zatia oso berdindua izan bada ere, partidaren bigarren zatian tantoak erreztasunez egin dituzte Urbieta II eta Urbieta III-k. Partidaren amaieran, pozik agertu dira: "Bikoteka eman genuen izena lehengusuek. Bi talde ezberdinetan lehiatu gara eta final aurrekoetan irabaztea suertatu zen. Hala, elkarren aurka jokatu dugu finala. Kasualitate hutsa izan da, eta aldi berean, esperientzia oso polita".
Partida irabazteko gakoak zeintzuk izan diren aipatu du Xabier Urbietak: "Anaia Jonek lan handia egin du lehen kintzeetan, eta gero, Andoniri esan diot ezin genuela erritmo horretan jarraitu, nekeak eragina izango zuela, eta uste dut hala gertatu dela. Nekea azaldu denean, hobeto moldatu garela esango nuke. Bagenekien partida asko luzatuz gero, gure kalterako izango zela, beraiek fisikoki oso zainduta eta gogor daudelako. Horregatik, partida ahalik eta azkarren hautsi eta txapela etxera eraman nahi genuen".
Andoni Urbietak azaldu duenez, sakea ez galtzea ere garrantzitsua izan da. "Nik, ezkerra izanda, gehiago agintzen dut alde horretatik", esan du Andonik.
Gipuzkoako Pasaka Txapelketa Zizurkilen antolatzen den lehen aldia da. Iñaki Lizaso, Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakariak eskerrak eman dizkio Zizurkilgo Udalari bere babesagatik, eta txapelketa Zizurkilgo Zimiterioan antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi du. Ikusle kopuru polita bildu da gaurko partidaz gozatzera eta txapelketan zehar ere ikusmina sortu du gure artean hain ezaguna ez den pilota modalitate honek.