Goizean zehar bi eskolak bisitatu zituzten ordezkariek, eta ikasle zein irakasleekin egoteko aukera izan zuten. Urte hauetan guztietan elkarlanean landutako proiektuak aurkeztu, eta dinamika desberdinekin osatutako jardunaldia partekatu zuten.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkatearen hitzetan, “hainbat belaunalditako ikasle, irakasle eta familien lanari esker, senidetze harreman hau errotu eta aberastu egin da. Harro gaude gure eskola komunitateek munduko beste herriekin harreman bizia mantentzen dutelako, eta ikasleek elkartasunaren eta kulturarteko bizikidetzaren balioetan hezten jarraitzen dutelako.”
Eskolen arteko anaitasuna, urteetako harremana
Pedro Mari Otaño eta El Salvadorreko Henry Ortiz eskolaren arteko senidetze hitzarmena 2008an sinatu zen, bi komunitateen arteko harreman pedagogikoa sustatzeko. Ordutik hona, eskutitz trukeak, kultur ekimenak eta proiektu komunak landu dituzte ikasleek, elkartasunaren baloreen lanketa egin eta esperientzia aberasgarriak sortuz.
Esperientzia hori inspirazio izan zen Mendigain eskolaren eta El Barrial eskolaren arteko senidetze pedagogikorako. Elkar ezagutza, parte-hartzea eta kulturarteko ikaskuntza izan dituzte oinarri.
El Salvadorretik etorritako ordezkariek bi eskolak bisitatu zituzten, eta ikasleekin zein irakasleekin egoteko aukera izan zuten. Egindako proiektuak errepasatzeaz gain, senidetutako eskolarekin bideo-deia egin zuten Otaño eta Henry Ortizeko ikasleek eta gaztetxo zizurkildarrek prestatutako galderen erantzunak lehen eskutik jaso zituzten.
Harreman errealetan oinarritutako elkartasuna
Amenabarrek azpimarratu nahi izan du elkarlanak eta elkartasunak egunerokotasunean eta harreman errealean sustraituta egon behar dutela. “Senidetze hau ez da sinbolo hutsa, elkarlan eta proiektuen bidez elikatutako harreman iraunkorra baizik. Balio horiek gure herriaren identitatearen parte dira”, nabarmendu du alkateak.
Zizurkilgo Udalak eskola komunitateei eta senidetze harremana posible egiten duten eragile guztiei eskerrak eman dizkie, eta konpromisoa berretsi du: “Elkartasunaren eta kulturarteko ikaskuntzaren aldeko bidea ez da egun bateko kontua. Herri hezitzaile izaten jarraituko dugu, munduko beste herriekin elkarrekin ikasteko, hazteko eta laguntzeko.”