Zizurkilen ospatuko da datorren urteko Gipuzkoako Eskola Txikien festa

Aiurri 2025ko eka. 9a, 10:32

Ezkio Itsasoko eskolako kideen eskutik jaso zuten atzo lekukoa. Gipuzkoako Eskola Txikietako komunitateak elkartzen dituen festa Zizurkilen ospatuko da datorren urtean. Festa egun ederra ospatu zuten atzo Ezkio Itsason eta zizurkildarrak ari dira dagoeneko hurrengo urtekoa prestatzeko lehen pausoak ematen. 

10:30etan hasi zen Ezkio Itsasoko harrera ekitaldia. Hainbat hitzartzerekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkatea, Amaia Dorronsoro herriko herri eskolako zuzendaria, Asier Sasieta guraso-elkarteko kidea eta Iñaki Mendiguren idazle eta filosofoa igo ziren eszenatokira.

Gipuzkoako Eskola Txikiek ere izan zuren euren protagonismoa, izan ere, eskola guztietako ordezkariak igo baitziren eszenatokira, eurek prestatutako xafla zatia eramatera. Guztiak elkartuta, egitura eder eta koloretsua osatu zuten. Ekitaldiaren amaieran, lekuko trukaketa egin zuten. Ezkio Itsasoko bi ikasleren eskutik jaso zuten zizurkildarrek datorren urteko festa antolatzeko ardura irudikatzen duen eskultura. 

Harrera ekitaldia amaituta lehertu zen festa. Gune ezberdinetan banatuta, hainbat ekitaldiz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Egun osoan zehar izan zen zertaz gozatu eta, egun ederra pasa zuten Ezkio Itsasora gerturatu zirenek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!