Kros ez konpetitiboa, Iratzarren urteurrenaren ospakizunetan

Aiurri 2025ko eka. 21a, 14:49

Iratzar tabernak 35 urte bete ditu eta, ospakizunez  betetako eguna dute gaur. 11:00etan jarri da martxan egitaraua, kros ez konpetitiboarekin. 12:00etan bertso saioa egin dute Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Izar Zelarain eta Aratz Arzeluekin. Ekitaldiaren ondoren, bazkaria egin dute eta arratsaldeko 18:00etan hasita, Ahantz taldearen emanaldia hasiko da eta Zigor DJ ere arituko da urteurreneko ospakizunetan.

Krosarekin eman diote hasiera ekitaldiari. Iratzarren parean hasi dira korrikalariak, eta bertan zuten helmuga. Kros ez konpetitiboa izango zela iragarria zuten eta halaxe izan da; gaurko helburua ez zen azkarrena izatea. Sailkapenik ez da egon, beraz, baina bai sariak. 

Erraldoi eta ipotxen laguntzarekin abiatu dira korrikalariak, herriko kaleetan barrena. 

Gazteen mailan, bi itzuli eman behar zizkioten ibilbideari eta, 10:03 denborara ahalik eta gehien gerturatu. Irteera puntuan kendu dizkiete ordulariak eta, erreferentziarik gabe egin behar izan dute korrika. Gazteen mailan, Aiur izan da finkatutako denborara gehien gerturatu dena. 

Nagusien mailan, hiru denbora tarte zituzten finkatuta. 20:38 minutura gehien hurbildu dena Aitor Besance izan da. 25:08ko denboratik gertuen ibili direnak Unax eta Aritz izan dira eta, 30:38 denborara gehien hurbildu direnak, Urreta, June eta Urbizu izan dira. Giro ederrean joan da goiza Villabonako Kale Nagusian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!