Zizurkilgo Intxaur pilota txapelketaren seigarren edizioa hastear da

Aiurri 2025ko uzt. 7a, 08:18

2024ko Intxaur pilota txapelketako garaileak.

Dagoeneko seigarren ediziora iritsi da Zizurkilgo Intxaur pilota txapelketa. Euskal Herria, Nafarroa eta Errioxako pilotarien parte hartzea-izaten du eta hala izango da aurten ere. Uztailaren 18an abiatu, eta abuztuaren 14an amaituko da txapelketa entzutetsua.

Uztaila erdialdean jokatuko dituzte txapelketako lehen partidak. Uztailaren 18an, hain zuzen, Cestau adunarra eta Murua neurtuko dira promesa mailan, Astiz eta Etxaniz elite mailan. Uztailaren 19an Perurena zizurkildarra arituko da Olasagastiren aurka promesa mailan eta, elite mailan, Aizpururen aurka arituko da X. Urbieta asteasuarra. Eskualdeko pilotarien presentzia, beraz, nabarmena izango da. 

Uztailaren 24 eta 26an jokatuko dira hurrengo partidak. Jokin Alberdi zizurkildarraren txanda uztailaren 24an iritsiko da; Mediavilla izango du aurkari. 

Sailkapen fase honetako partida guztiak 18:30etan hasiko dira, Intxaur pilotalekuan. Goi mailako pilotarien jarduna bertatik bertara ikusteko aukera ederra eskaintzen die Zizurkilgo Intxaur txapelketak zaletuei. 

Finalerdiak

Lehen bi asteburuetan erabakiko dira finalerdietarako sailkatuak. Abuztuaren 2an eta 9an jokatuko dira finalerdietako partidak eta, azken urteetan bezala, Zizurkilgo Andramaria jaietan jokatuko da final handia. Abuztuaren 14an, 22:00etan hasiko da finaleko partida. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!