Finalean, izenez eta palmaresez, Amaia Aldai faboritoa izan daiteke, baina Itsaso Erasunek inoren beldurrik ez izateko jokoa eta nortasuna dituela agerian geratu da. Plazandreak saioaren ostean, antolatzaileek kronika helarazi zuten: "Kaiolako partidan, askok pentsatu dute Itsaso Erasunek ezustekoa eman duela Lau eta Erdian txapeldun izan den Miriam Arrillagari irabazita, baina Erasunen azkenaldiko emaitzak eta jokoa ikusita, ezustekoa ez da horrenbesterako, urrutiegira joan gabe, zizurkildarrak San Fermin torneoko txapela jantzi baitzuen larunbatean binaka eta azkeneko Lau eta Erdiko txapelketan ere hirugarren sailkatu zela ezin baitugu ahaztu. Atzelaria izanagatik, lau eta erdiko jokoa bikain menderatzen du, fisikoki oso pilotari gogorra da, buruz ere nekez amore ematen duen horietakoa da Erasun eta hori guztia gutxi balitz, pilotari ere Arrillagak baino abiadura bat gehiago eman dio".