Zizurkilgo jaiak 2025

Andoni Ollokiegi, Bengo eta Xiberoots, larunbat honetan, Zizurkilgo jaietan

Aiurri 2025ko abu. 11a, 08:02

Xiberoots taldeko kideak. Argazkia: Xiberoots

Abesteko eta dantzatzeko aukera bikaina, Andramarien amaieran. Izan ere, aurten, larunbatarekin amaituko dira jaiak.

"Zer agitüko" disko berriena aurkeztera datoz Xiberoots taldeko kideak: "Hirugarren disko hau bihotzeko oihu bat da, bizitzaren, erresistentziaren eta esperantzaren goraipatze bat". Hala, zortzi kantu berri jaso dituzte disko berrian, reggaemuffin estiloan sakonduz. Kezka sozialez zipriztinduta daude euren letrak eta euskarekiko duten konpromisoa irmoa da: "Populu zapaldu baten kezka zabaldu nahi dugu baina euskaraz kantatuz, ez gaitzatela behartu ingelesez kantatzera, eta oraino gutiago frantsesez".

Larunbat gauean, Zizurkilen

Kantu berriez gain, "Agur Xiberoa", "Bizitza", "Maule muffin" eta beste hainbat hit abestuko dituzte.

Arratsaldean, Andoni Ollokiegi

Kantuak moldatzen, aldatzen eta bihurritzen artista da Ollokiegi eta Zizurkilgo jaietan erakustaldi berria emango du. Mash-up joeran eskarmentu handia du, izan ere, itxuraz loturik ez duten hainbat kantu elkar lotzeko abilezia du Ollokiegik. Euskal kantak, klasikoak eta berriak, bestelako piezekin collage bikainak egiten ditu. Arratsaldeko 19:00tan iragarrita dago bere emanaldia, herriko plazan.

Xiberootsen aurretik, Bengo

Oiartzuarra jaiotzez, Aitor Bengoetxea Zabalza da Bengo kantaria. Musika garaikidea, hip hop eta bestelako estiloak uztartuz, ibilbide oparoa egiten ari da Euskal Herrian. Gaueko 23:00tan iragarrita dago eta oholtza berean ariko da Xiberoots.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!