Maite Amenabar alkatearen hitzetan, “Zizurkilen aurrerapausoak eman ditugu hondakinen kudeaketaren alorrean, baina oraindik badugu zer hobetu. Ekarpen-guneak ez dira hondakin mota guztietarako, eta ezinbestekoa da erabiltzaile bakoitzak arduraz jokatzea. Ez ditzagun ekarpen-guneak zabortegi bihurtu.”
Alkateak ohartarazi du erabilera desegokiak hainbat ondorio negatibo izan ditzakeela: usain txarrak, intsektuen eta arratoien ugaritzea, eta abar. Halaber, nabarmendu du ekarpen-guneek funtsezko zerbitzua eskaintzen dutela, baina erabilera desegokiak gainkostuak eta bestelako arazoak sor ditzakeela. “Herritar gehienek baliabideak ondo erabiltzen dituzte, baina gutxi batzuen jokabide desegokiak ondorio zabalak izan ditzake. Ekarpen-guneak guztiontzat dira, eta guztion artean zaindu behar ditugu,” azpimarratu du.
Europako legedi berria eta hondakinen tasa egokitzea 2025ean Europako hondakinen kudeaketari buruzko legedi berria sartu da indarrean. Araudi horren arabera, udal-hondakinen bilketa ezin da defizitarioa izan, hau da, bilketaren eta kudeaketaren kostuak herritarrek estali behar dituzte. Horri erantzuteko, aurten Zizurkilgo hondakinen tasa egokitu da. Errefusaren tratamendu gastuak hondakin organikoen hirukoitza dira, eta horrek nabarmen eragiten du udalaren gastu orokorrean.
Amenabarrek nabarmendu duenez, Europako araudia bete beharra dago, baina ez da udalaren helburu bakarra: “Tasa egokitzea ez da neurri atsegina, baina ingurumenaren eta etorkizunaren aldeko apustua da. Udalak sistema eraginkor batean inbertitzen jarraituko du, gure hondakinen kudeaketa eredua dagoen hoberena dela sinetsita gaude-eta. Baina sistemarik onenak ere herritarren inplikazioa behar du. Guztion artean zaindu behar dugu gure herria.”
Bolumen handiko hondakinak Azkenik, udalak gogorarazi nahi du bolumen handiko hondakinak biltzeko sistema martxan dagoela: ostegun gauetan, 20:00etatik 22:00etara, hondakin horiek edukiontzien ondora atera daitezke, baina aldez aurretik Tolosaldeko Mankomunitatera deitzea beharrezkoa da (943 676 216). Egun horietatik kanpo, garbiguneak erabili behar dira, eta etxetresna elektrikoak edo hondakin arriskutsuak botatzeko etxolak ere horretarako daude erabilgarri.