Kros mistoarekin hasiko dira Elbarrenako jaiak, irailaren 3an

Aiurri 2025ko abu. 27a, 12:40

Datorren asteazkenean ospatuko da Zizurkilgo Kros Mistoa. XVI. edizioa izango du aurtengoa eta, 19:00etan  emango zaio hasiera. Aurrez, haurren lasterketa ospatuko dute. 

2012. urtean edo ondoren jaiotako gaztetxoen lasterketarekin emango diote hasiera kirol-ekitaldiari. Haurren lasterketarako ez da izen-ematerik egingo eta, mailaka hartuko dute parte. 

Jarraian iritsiko da helduen mailako lasterketa. 2011n edo lehenago jaiotakoek izango dute parte hartzeko aukera eta, bikote mistoak osatuta lehiatuko dira. 18:00etan zabalduko dute kros mistoko izen-ematea, irteera puntuaren inguruan. 

Lau itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, guztira bost kilometroko ibilbidea osatuz. Amaieran, afariak zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean eta, dutxa zerbitzua erabilgarri egongo da Danenan. 

Kros mistoa amaituta, plazako barrikotea jarriko da martxan, indarrak berreskuratu eta jai-giroan murgiltzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!