Euskadin 2013az geroztik da martxan Eltxo Tigrea Detektatzeko Zaintza Programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zuzenduta, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin eta udalekin elkarlanean. Aurten, zaintza-planak 46 udalerritako 68 laginketa-eremu hartzen ditu: Arabako 9, Bizkaiko 20 eta Gipuzkoako 17. Ekainaren lehen astean hasi eta azaroaren lehen astera arte luzatuko da, eltxo tigrearen jarduera handieneko garaia barne hartzeko.
Osasun Sailaren gomendioak eltxo tigrearen hedapena saihesteko
● Hustu, astean behin, ura metatzen duten kanpoko ontziak: lorontzien platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
● Berritu, 2 edo 3 egunean behin, maskoten edontzietako ura.
● Bota ura hustubideetan, gutxienez astean behin, geldialdia saihesteko.
● Urbanizazioetan, familia bakarreko etxeetan etab. saihestu ur-pilaketak drainatze-uretan (kainu-zuloak eta estoldak) eta teilatu-hodietan.
● Etxean eltxoa sartzea oztopatzeko, erabili eltxo-sareak leihoetan, ateetan eta beste irekidura batzuetan.
Eltxo tigreek jaio diren tokitik metro batzuetara baino ez dute hegan egiten. Etxean ziztatzen bazaituzte, litekeena da haztegi bat hurbil izatea.
Zer egin eltxo tigreak ziztatzen bazaitu?
Eltxo tigrea txikia eta beltza da, eta buruan eta toraxean marra zuri nabarmena dauka. Batez ere egunez ibiltzen da, eta helduak mingarriak izan daitezke. Ziztada jaso baduzu:
1. Garbitu ondo eremua urarekin eta xaboiarekin.
2. Ez hazkatu, infekzioa saihesteko.
3. Hotza aplikatu hantura murrizteko eta azkura arintzeko.