Musika eskaintza zabala Elbarrenako jaietan

Aiurri 2025ko ira. 2a, 17:30

Irailaren 5ean egingo da kontzertu gaua eta, Labar eta Merina gris taldeak gerturatuko dira. Jaietako gainerako egunetan ere izango da musika estilo ezberdinetan gozatzeko aukera.

Jaietako bereizgarri nagusietakoa izan ohi da musika eta Zizurkilgo Elbarrenan ere aukera anitza prestatu dute. Irailaren 4an, Jundajo txarangak jarriko dio doinua egunari; txupinazoaren ondoren hasiko da haien saioa eta, herri afariaren ondoren ere txaranga izango da protagonista. Herritarren karaokearekin emango diote amaiera lehen egunari.

Kontzertu gaua

Irailaren 5ean egingo da kontzertu gaua. Labar eta Merina gris taldeak gerturatuko dira. Donostiatik iritsiko da Labar. Trap, hyperpop, drum and bass eta euskal katutegi tradizionala ditu erreferentzia eta,  zuzenean eskainiko du bere eskaintza Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, 23:00etan hasita. Merina gris taldea ere Donostiatik dator. Pop musika jorratzen dute, sintetizadore efektuez lagundurik. Eszenatoki gainean presentzia berezia eta zuzeneko indartsua dituzte; abeslaria atzealdean jartzen da eta anonimotasunetik jotzen dute, maskarak jantzita. Kontzertuak amaituta, DJ La Fulanak hartuko du lekukoa. 

Larunbateko kuadrilla egunean, erromeria doinua izango dira nagusituko dira. Kristina Solanok eta Amaia Orejak erromeria giro tradizionala sortuko dute bazkalostean eta, iluntzetik aurrera, Muxutruk taldearen txanda iritsiko da. Goizaldean, DZ-k jarriko dio musika gauari. 

Gainerantzean, elektrotxarangak, Loatzoko musikarien saioak... izango dira festetan zehar. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!