Martxan da Eskola Kirola 2025/26 Zizurkilen

Ainhoa Gil 2025ko urr. 2a, 12:30

Urriaren 1ean abiatu zen 2025-2026 ikasturteko Eskola Kirola. Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil Kirolean elkarteak gogorarazi dute programa hau “funtsezkoa” dela haurren garapen integral osasuntsurako.

“Bi erakundeok konpromiso sendoa dugu haur guztiek Eskola Kirolan parte hartzeko aukera izan dezaten eta kirol ezberdinak proba ditzaten, kirol bakar batean espezializatu gabe”, adierazi du Maite Amenabar alkateak.

Eskola Kirolaren oinarria multikirol eredua da: jarduera fisikoa sustatzeaz gain, gaitasun sozialak, emozionalak eta kognitiboak modu orekatuan lantzea du helburu. “Kirola mugimendua eta osasuna da, baina baita balioak, harremanak eta identitatea ere: talde-lana, konpromisoa, errespetua, solidaritatea eta euskararen erabilera uztartzen dituen bidea. Gure seme-alaben hazkunde osasuntsu eta zoriontsua bultzatzeko tresna da”, gaineratu du Amenabarrek.

Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil Kirolean elkarteak Eskola Kirola “etorkizunerako inbertsio gisa” ikusten dute, gaur egungo haur eta gazteen garapen pertsonal, sozial eta kulturalari bidea emango diona. Hori dela eta, aurrekontuak, baliabideak eta ahaleginak eskaintzen jarraituko dute, Eskola Kirolaren eskaintza kalitatezkoa, inklusiboa eta eskuragarria izan dadin Zizurkilgo haur eta gazte guztientzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!