Badator Zizurkilgo Azoka berezia

Ainhoa Gil 2025ko urr. 10a, 07:00

Intxaur pilotalekua izaten da azoka bereziko guneetako bat.

Urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa izaten da Azoka berezia Zizurkilgo herrigunean. Teodoro Hernandorena kalean, plazan, zimiterioan eta Intxaur pilotalekuan hainbat postu jartzen dira eta ekintza ezberdinak ere gauzatzen dira goizean zehar

Urriaren 12an, igandearekin ospatuko da Zizurkilgo Azoka Berezia. Lau gune nagusitan banatuta jarriko dituzte postuak: Zimiterioa, Pello Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua. Artisautza zein elikagaiak izaten dira azokako protagonista. 

Zizurkilgo azokak garrantzia berezia ematen die bertako ekoizleei eta ahalegin berezia egiten dute haien lana aintzat hartzen. 10:30etan zabalduko dituzte azokako ateak eta 14:30k arte irekita egongo da erosketak eginez bertako ekoizleei laguntzeko aukera. Horrez gain, baita goiz-pasa ederra egiteko  aukera ere. 

Ekitaldiak

Postuz postu ibili eta erosketak egiteko aukeraz gain, beste hainbat ekintzarako tartea ere izango da Zizurkilgo herrigunean. 11:00etatik 13:00etara umeentzako jolasak egongo dira martxan eta 12:15etatik 14:00etara pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute haurrek. Azken urteetan bezala, San Millan baserriko belazeetan egingo da jarduera hori. Bertan jarriko dituzte, gainera, zenbait euskal pottoka ikusgai.

Eguerdiko 12:15etatik aurrera, joskintza tailerra izango da martxan eta baita hennazko tatuajeak egiteko aukera ere. 

Plaza-dantzak eta bazkaria

Azken urteetako ohiturari jarraituz, plaza-dantza gidatuak egingo dituzte plazan, 12:30etan hasita. Bukalai dantza taldeko kideek bideratzen dute ekintza hau, eta guztientzako irekia da.  

Dantzak amaituta eta azoka-gunea itxita, herri bazkaria egingo dute Plazaetxeberrin 14:30etatik aurrera. Bazkalostean, euskal kantu saioa egingo dute, Olaia Toralen doinuek lagunduta. 

Autobus zerbitzua

Azokara erosotasun osoz gerturatu ahal izateko, autobus zerbitzua antolatzen du urtero Udalak. Bulandegi bideko biribilgunean eta Zubiaurretxoko bidegurutzean egingo ditu geldialdiak autobusak, handik herrigunera gerturatzeko. 10:15etan hasiko dira autobusaren joan-etorriak eta zerbitzua martxan izango da arratsaldeko 15:00ak arte. 

Eskola Txikien Festa, ekainaren 14an

Aurtengo azokak beste hitzordu garrantzitsu bat ekarriko du berekin. Zizurkilgo Mendigain eskolak antolatuko du aurten Gipuzkoako Eskola Txikien Festa nagusia. Ekainaren 14an izango da hori, eta eskolako komunitatea dagoeneko hasia da lehen lanak egiten. Urriaren 12, eguerdiko 12:00etan egingo dute festari lotutako lehen ekitaldi publikoa, aurtengo logotipoa aurkeztuz. Pello Mari Otaño plazan egingo dute aurkezpen-ekitaldia. 

Ekainaren 14ko festa handirako motorrak berotzen hasita daude dagoeneko Zizurkilen eta urriaren 12koa izango da giro hori herrira zabaltzen hasteko lehen pausoa. Logotipoa aurkeztuta, kamiseten salmentari ekingo diote eta, baita antolaketa lanerako prest dauden bolondresen bilaketari ere. 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!