Giro bikainarekin gauzatu da Zizurkilgo Azoka

Ainhoa Gil 2025eko urriaren 12a

10:30etan zabaldu ditu ateak Zizurkilgo Azokak eta, eguraldi eguzkitsuarekin, jende asko gerturatu da. Zimiterioan, plazan, Hernandorena kalean eta Intxaur pilotalekuan barrena zeunden postuak eta, beste hainbat ekintza ere izan da gozagarri goizean zehar. 2026ko Eskola Txikien Festako logotipoa aurkeztu dute gainera.

10:30etan zabaldu dituzte postuak eta ordurako, bazebilen jendea azokagunean barrena. Autoz gerturatu dira bisitari batzuk, oinez eta autobus zerbitzuak beste hainbat. Erosketak egiteko baliatu dute askok goiza eta, ekitaldi ezberdinak ere izan dituzte aukeran; haur jolasak, hennazko margoketak, tailerrak, dantza gidatuak... 

Eguerdian jendetza ibili da Zizurkilgo herrigunean. 11:50 inguruan, soinu eta pandero hotsak nagusitu dira. Mendigain eskolako komunitateko kideak kalejiran gerturatu dira plazara, ekitaldi berezia gauzatzera. Izan ere, Mendigain eskolari dagokio 2026ko Gipuzkoako Eskola Txikien festa antolatzea eta, gaur aurkeztu dute festako ikur izango den irudia: mirua gorria. 

Mendigain eskolako Urkamendi guraso elkarteko ordezkariek adierazi dutenez: “Gurean babes hartzen duen hegazti espeziea, talde zentzua duena eta mundura zabalik dagoena. Ez baitugu gurean soilik geratu nahi, festaren bidez lau haizetara aldarrikatu nahi dugu eskola txikien eredua. Guk ere harro egin nahi dugu hegan, miruek bezala”.

Hegazti honek Zizurkilekin duen lotura berezia aipatu dute Mendigain eskolako kideek: “Miru gorriaren Europako babeslekuetako bat da Zizurkil ingurua. Arriskuan den espezieak gune egokia aurkitu du Aiztondo bailaran azken urteetan. Eta urte guztian zehar joan etorrian ibili arren, etenik gabe izan ohi ditugu Zizurkilen miru taldeak. Neguan elkarrekin taldetxotan elkartzen dira miruak; kumeak eduki dituztenak eta oraindik gazteak direnak batera, adin aniztasunean elkarrekin urtaro gordinenari aurre egiteko”. Eta miruaren hegan egiteko modu berezia ere gogoan izan dute. “Zeruan planeatzen ikusten dugunean erraz identifika dezakegun hegaztia da, harrotasun puntu batekin egiten baitu hegan, soslai gorrizta utziz”.

Ekitaldiari amaiera emateko, eskolarako duela urte batzuk sortu zen kantua kantatu dute ikasleek.

Eguerdiko 14:30etan amaitu da aurtengo azoka. Herri bazkarirako, Plaza Etxeberrin elkartu dira herritarrak eta ondoren, kantuan aritu dira, Olaia Toralen ahotsa lagun dutela. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!