Nola jaio da Hamar marra?
Izaro Lizarraga: Istorio familiarretatik abiatuta, kontakizun bat sortzeko gogoa genuen. Ikusten genuen, familian bertan, iraganeko istorio asko geratzen ari zirela ezkutuan, gordeta, eta guk horiek azaleratzeko beharra sentitzen genuen. Egia da hasieran bertigo pixka bat ere sentitu genuela, gordeta geratzen diren pasarteak, oro har, delikatuak izaten direlako; kasu honetan, altxamendu militarreko pasarte batzuk jorratzen ditugu.
Biko-Teka tailerrera joan ginen proiektuaren lehen zirriborroarekin. Galtzagorrik eta Nafarroako euskal erakunde batzuek eskaintzen duten beka da, eta bigarren urtez lortu dugu. Astebetez buru-belarri aritu ginen lanean, Aitziber Alonso eta Harkaitz Canoren gidaritzapean, eta ipuinaren egitura sendoa osatu genuen.
Iraitz Lizarraga: Bertan eman genion hezurdura ipuinari, eta hortik aurrera xehetasunak fintzen eta moldatzen joan gara elkarlanean. Egia da, oraingoan, tailerreko aste hori izan dela gure ideiari forma emateko giltza.
Iz.L.: Geure azaletik sortu nahi izan genuen: emakumeen ikuspegitik kontatu altxamendu militarra. Gizonen istorio asko isilean geratu badira, are gehiago emakumeenak eta haurrenak.
Zer aurkituko du irakurleak istorio honetan?
Ir.L.: Amona eta bilobaren arteko harremana kontatzen du istorioak. Nolabait ere, altxamendu militarrean gertatutakoen transmisioa erakusten du, eta bilobak nola bultzatzen duen amona hori kontatzera. Erlazio horren aitzakian, argitara ateratzen dira orain arte ezkutuan geratu diren istorio asko.
Izenburuak badu esanahi berezirik?
Iz.L.: Hasieratik izan genuen argi izenburua. Hamar marrak metafora eta esanahi ugari ezkutatzen ditu. Alde batetik, ilustrazio guztiak marra bidez eginda daude, trazo bidez. Bestetik, istorioak hari bati tiraka egiten dio, eta hari horiek marra bidez irudikatzen dira.
Hitz-jokoekin ere jolastu nahi izan dugu. Hamar marraren barruan marmarra aurki daiteke; marmarra da zerbait esan nahi denean baina ez denean garbi adierazten.
Beraz, marrazkietako marrak eta etxeetako marmarrak osatzen dute Hamar marra.
Ir.L.: Metafora modura, amonaren kopeteko zimurrak, marrak, amonaren kopeteko Hamar marra.
Nori zuzenduta dago?
Ir.L.: Herri osoari. Umeekin, bereziki, transmisio lan hori egin nahi dugu, baina interesa duen edonori zuzenduta dago.
Iz.L.: Hutsune handia dago belaunaldien arteko transmisioan. Askotan haurrak infantilizatzen ditugu, eta ez diegu gai jakin batzuez hitz egiten. Liburu hau gertuko bizipenez ari da: gure aiton-amonen istorioa da, eta, azken batean, gurea ere bai. Beharrezkoa da transmisio hori iragana ulertzeko, gogoratzeko eta ez errepikatzeko.
Non aurki dezakegu liburua?
Ir.L.: Liburu-denda guztietan dago salgai. Txalapartak argitaratu du, eta bere webgunean ere eskuragarri dago.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 679 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.