Obra hauek Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean egingo dira, eta Zizurkilgo herrigunea eta Elbarrena auzoa saneamendu-sistemara konektatzea dute helburu.
Gaur egun bi gune horietako hondakin-urak zuzenean ingurune naturalera isurtzen dira, aurrez behar bezala tratatu gabe. Proiektu berri honen bidez, ur horiek biltzeko eta Uraldeko Hondakin Uren Araztegira (Aduna) eramateko sare berria eraikiko da. Bertan, behar bezala tratatu ondoren, Oria ibaira isuriko dira.
Lanek guztira 1.900 metro inguruko kolektore-sarea eraikitzea aurreikusten dute, hondakin-urak eta euri-urak bideratzeko. Obrak urtebete inguruko iraupena izango du.
Bi fase: herrigunean eta Elbarrenan
Lehen fasean, lanak herrigunean egingo dira eta lau hilabete inguruz luzatuko dira; ondoren, bigarren fasean, Elbarrena auzoan arituko dira, zazpi hilabetez. Lanen ondorioz, trafikoan eta oinezkoen ibilbideetan aldaketa puntualak egon daitezke, baina ahalik eta eragin txikiena izateko moduan antolatuko dira, eta unean uneko kaltetuei abisua emango zaie beharrezkoa denean.