Gari Garmendia, Gipuzkoako Harri Handien txapeldun berria

Ainhoa Gil 2025eko azaroaren 15a

Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Gari Garmendia lehiatu dira gaur arratsaldean Zizurkilen jokatu den Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan. Garmendia idiazabaldarra gailendu da, lehen aldiz Gipuzkoako txapela etxeratuz. Jokin Eizmendik azken parte-hartzea izan du Gipuzkoakoan.

5850 kilo jasota, Gari Garmendia harrijasotzaile gaztea izan da garaile gaur Zizurkilen jokatutako Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan. Jokin Eizmendi sailkatu da bigarren postuan, 5325 kilo jasota eta, Aimar Galarraga izan da hirugarren, 2350 kilorekin. Mina hartuta, lanari utzi behar izan dio oriotarrak azken jasoalditan.

200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bolarekin aritu dira hiru lehiakideak, bi minutuko txandak eginez. Oso parekatuta hasi dira Eizmendi eta Garmendia. 6 altxaldi eman dizkio Eizmendik laukizuzenari, 5 Garmendiak. Zilindrikoarekin aurrea hartu du gazte idiazabaldarrak eta Eizmendik baino bi altxaldi gehiago eman dizkio. Kubikoari bederatzina altxaldi eman ondoren, bolarekin lortu du Garmendiak txapela etxeratzea. 14 bider jaso du Garmendiak, 11 altxaldi eman dizkio Eizmendik. 

Hunkituta eta oso pozik amaitu du gaurko saioa Garmendia gazteak: "Fisikoki momentu onean iritsi naiz, oso ondo prestatuta. Urduritasunak jan egin nau hasieran, baina lau harrietan nahiko ondo eutsi diot. Bi helburu nituen; iazkoa berdintzea batetik, eta ahal balitz txapela etxera eramatea bestetik. Iazko lana asko hobetu dut eta txapela ere lortu dut, oso-oso pozik nago".

Bigarren eta laugarren harria zituen begiz jota Garmendiak: "Estrategia horrekin etorri naiz plazara. Bi harri horiek dira niretzat egokienak eta horietan haustea zen nire helburua. Aste honetan askotan egin dut amets txapelarekin eta hala izan da. Hemendik hilabetera Euskal Herriko txapelketa izango dugu eta oso gogotsu nago".

Eskerrak emateko tartea ere hartu du Garmendiak: "Antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, ikusleei, etxekoei, Joseba Ostolazari, Jokin eta Aimarri... haiek erakutsi didate harria jasotzen. Gaur haien aurretik geratzea ikaragarria da niretzat, eskerrik asko haiei". Txapelketan zehar animoak ematen aritu zaizkion zaletuak ere hartu ditu ahotan: "Plaza erdia nire etxekoek hartu dute eta asko eskertzen ditut haien animoak. Bereziki amak Makala esaten didanean, ikaragarri eskertzen dut. Gure leloa da Makala eta indarra ematen dit entzuteak".

Etorkizunari begira jarrita dago Gari Garmendia: "Euskal Herriko txapelketa izango da hurrengo erronka, eta aurrera begira, nire markak hobetzen joan nahi nuke, gorputzak uzten badit behintzat".

Jokin Eizmendi izan da azpitxapeldun gaurkoan, eta Gipuzkoako Txapelketari agur esan dio. Lau txapela ditu zarauztarrak. 41 urterekin, aurtengoa izan du azkena. Harri-bolarekin, agur berezia eskaini die Zizurkilgo Intxaur pilotalekura hurbildu diren zaletuei, kirolariei, epaileei...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!