Aurrerantzean, sarraila elektronikoak ireki ahal izateko txartel pertsonalizatua beharko da eta txartel berak balioko du bai ekarpen guneetarako bai auzo-konpostaguneetarako.
Herrigunean txartelak etxez etxe bidaliko zaizkie herritar guztiei, errefusa botatzeko edukiontziak ekarpen guneetan soilik baitaude. Elbarrenan, berriz, auzo-konposta egiten duten herritarrei banatuko zaizkie, eta gainerakoek Udalarekin harremanetan jarri beharko dute ekarpen gunera sarbidea behar izanez gero.
Ekarpen guneen erabilera egokia
Ekarpen guneek atez ateko bilketa sistemarekin kudeatu ezin diren hondakin frakzioak jasotzeko balio dute. Ez dira, ordea, garbiguneak; beraz, ezin dira bertan bota hondakin bereziak, arriskutsuak edo bolumen handikoak.
Horrelako hondakinak kudeatzeko hiru aukera daude: hondakin arriskutsuak dagokien etxolan utzi behar dira; tamaina handiko hondakinak, berriz, ateratze egunean eta dagokion gunean uzten dira (aurrez Mankomunitatera deituta, 943 676 216); eta garbigunera bota beharreko hondakinak —hala nola obra txikietako materialak edo bestelako hondakin bereziak— Mankomunitateari dagozkion Tolosako (San Blas 9, 20400 Tolosa) edo Andoaingo (Leizotz industrigunea, 20140 Andoain) garbiguneetan utzi behar dira.
Inoiz ez da hondakin berezirik edo bolumen handiko materialik utzi behar ekarpen guneetako etxolen barruan
Erabilera desegokiak eta debekatutako praktikak
Azken hilabeteetan hainbat erabilera desegoki hauteman dira ekarpen guneetan, eta Udalak gogorarazi nahi du portaera horiek ez direla onargarriak. Besteak beste, debekatuta daude honako hondakinak hauek uztea etxola barruan:
- Etxe-tresna elektronikoak
- Obrako hondakinak
- Bolumen handiko traste zaharrak
- Hondakin arriskutsuak (pinturak, pilak, bateriak, sustantzia toxikoak, tresna elektronikoak...)
- Sukaldeko edo motorreko olioa
Horrez gain, edukiontzietatik kanpo hondakinak uztea, behar bezala ez bereiztea edota sarraila eta egiturak hondatzea ere debekatuta dago. Zizurkilgo Udalak azpimarratu nahi du ekarpen guneen erabilera zuzena guztion ardura dela, eta erabilera okerren aurrean isunak ezarriko direla.
“Helburua argia da: Zizurkil garbiago eta jasangarriago bat eraikitzea guztion artean”, azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.