Jabeen edo oinordekoen artean landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak maiz mugen nahasketak edo desagerpenak eragiten ditu, eta horrek zuzenean eragiten du mendien zaintzan eta landa-ingurunearen kudeaketan. Mugaketa lanek egoera hori argitu eta konpontzea dute helburu.
Iaz bezala, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntza jasoko du lanok egiteko. Guztira, 190 hektareako azalera hartzen duten 284 lursail baino gehiago mugatuko dira. Udalaren arabera, “erronka handia” da, udalerriko landa-lurren hedadura zabala baita; horregatik, gainerako poligonoak datorren urteetan egingo dira.

Proiektuaren helburu nagusiak honako hauek dira:
● Mugan egon daitezkeen akatsak identifikatzea eta zuzentzea.
● Lursailen mugak eta mugarriei GPS koordenatu zehatzak esleitzea.
● Beharrezkoa den kasuetan, Katastroko datuak eguneratzea.
Lan hauek behar bezala gauzatzeko, 121 jabe baino gehiagoren parte-hartzea ezinbestekoa izango da. Auzokideekin batera, lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin aurretik. Prozesuan parte-hartzea borondatezkoa da, eta jabeei ez die inolako kostu ekonomikorik eragingo. Hala ere, mugak garbituta edukitzea eta mugarriak lokalizatuta izatea eskatzen da lanei ekin aurretik.
Lan guztiak amaitu ondoren, Geogramak markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak jasotzen dituzten planoak entregatuko dizkie jabeei.
Horrez gain, Zizurkilgo Udalak jakinarazi du 2. poligonoko lursailen jabe guztiek 2025eko abenduaren 9an, Iriarte Kultur Etxean, egingo den azalpen-bilerarako gonbita jasoko dutela. “Guztion artean aurrera eramateko moduko proiektua da, eta Udalak eskertzen du jabeek erakutsiko duten lankidetza”, adierazi dute.