Maite Amenabar Alkorta alkateak Udalak eta herriko kirol eragileek elkarlanean egindako ahalegina nabarmendu du: “Kirol Astea osasuna eta bizitza aktiboa sustatzeko aukera paregabea da, eta herriko elkarteek egindako lana funtsezkoa da horrelako egitarau oparoa aurrera eramateko. Udalaren izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet inplikatu diren eragile eta pertsona guztiei, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu kirol asteaz gozatzera”.
Astelehenean, abenduaren 9an, “AktibaZU!” saioarekin emango zaio hasiera Kirol Asteari, Ander Alkorta zizurkildarraren eskutik. Atxulondo Kultur Etxean izango da, 19:30ean, eta bizkarreko mina arintzeko ariketa sinpleetan oinarritutako saio teoriko-praktikoa eskainiko da.
Ostegunean, abenduaren 11n, gazte kirolariek hartuko dute protagonismoa Gazteak eta Kirola mahai-inguruan. Atxulondo Kultur Etxean bilduko dira halterofiliako, pilotako eta futboleko hainbat kirolari herritar gazte, euren esperientzia partekatzeko eta kirola ikasketekin nola uztartzen duten solasteko.
Abenduaren 12an, ostiralez, aurtengoan ere Pirineos Mountain Film Festival-aren 2025eko film aukeratuen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Atxulondon. Mendiko, abenturazko eta naturako zinemaren erreferente den jaialdia da, eta bi saiotan banatutako film laburren programa eskainiko da. Jaialdiari buruzko informazio osoa helbide honetan kontsultatu daiteke: https://labur.eus/PMFF25.
Larunbata izango da Kirol Astearen egun nagusietakoa. Egun osoan zehar egitarau zabal eta askotarikoa eskainiko da herriko hainbat gunetan: goizean, ZEKek antolatutako herri kirol eta jolasak Intxaur frontoian; arratsaldean, futbola Elbarrena zelaian eta bizikleta ginkana Joxe Arregi plazan; eta iluntzean, ohiko Ibontxo Gonzalez Memorialaren txanda izango da. 2:30ean hasiko da XXVIII. Gau Krosa; aurretik, haurren eta gazteen lasterketak jokatuko dira. Izen-emateak herrikrosa.eus atarian egin daitezke.
Asteari amaiera emateko, igande goizean Egarri Halterofilia Trofeoa jokatuko da, Joxe Arregi plazan, Danena Halterofilia Elkartearen eskutik. Arratsaldean, Elbarrena zelaian Danenako ohorezko kadete taldeak Hernani CD-ren aurka jokatuko du, eta Intxaur frontoian Ziotza eta Urnietako pilota elkarteetako haurrek neurtuko dituzte indarrak.
Egitaraua:
Abenduak 9, asteartea
19:30, Atxulondon, “AktibaZU!” Bizkarreko mina ariketa errazen bidez hobetzeari buruzko saio praktikoa Saioa doakoa izango da, eta izen-emateak udal bulegoetan egingo dira.
Gidaria: Ander Alkorta zizurkildarra.
Bizkarreko mina arintzeko ariketa sinpleak praktikan lantzeko aukera izango da.
Abenduak 11, osteguna
19:00, Atxulondon, “Gazteak eta Kirola” mahai ingurua
Herriko kirolarien testigantzak entzuteko hitzordua izango da, kirolak zer eman dien eta ikasketekin nola uztartzen duten azalduko dutelarik.
Parte hartuko dute:
● Halterofilia: Susana Davila, Eneko Mesa, Ekaitz Kortajarena, Mohamed
Reda
● Pilota: Intza Arruti, Julen Alberdi, Itxaso Erasun
● Futbola: Danena Futbol Elkarteko hainbat jokalari
● Dinamizatzailea: Edurne Ayuso.
Abenduak 12, ostirala
19:00, Atxulondon, Pirineos Mountain Film Festival — 2025eko film aukeratuen emanaldia
Lehen saioa: 60 minutu / 4 film.
Atsedenaldian, festibaleko zuzendariarekin solasaldia.
Bigarren saioa: 20:15ean, 60 minutu / 3 film.
Proiektatuko diren filmak eskuorriko zerrendaren arabera jasoko dira.
Abenduak 13, larunbata
“12 orduz kirolean” egitasmoa
11:00, Intxaur Frontoian, Herri kirolak eta jolasak ZEK elkarteak antolatuta, 2–12 urte bitarteko haurrentzat.
16:00, Elbarrena futbol zelaian, Futbol partida Ohorezko erregionalen partida. Aiztondo NKT - Bergara KE.
17:00, Joxe Arregi plazan, Bizikleta ginkana
2–12 urteko haurrentzat, Danena Txirrindularitza Elkartearen eskutik.
Derrigorrezkoa: bizikleta eta kaskoa.
XXVIII. Gau Krosa -Ibontxo Gonzalez Memoriala
● 20:15–21:00: dortsal banaketa
● 21:30: Haurren proba (2013+), 1 km
● 22:00: Gazteen proba (2010–2012), 2,5 km — izen-ematea: 2 €,
herrikrosa.eus
● 22:30: Proba nagusia, 7 km — izen-ematea: 3 €, herrikrosa.eus
Sariak kategoria guztietan banatuko dira, eta aurten ere egongo da “dinosaurio saria” korrikalari beteranoenarentzat. Parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo dira.
Abenduak 14, igandea
12:00, Joxe Arregi plaza, Egarri Halterofilia Trofeoa
Danena Halterofilia Elkartearen eskutik.
16:00, Elbarrena futbol zelaian, Futbol partida
Ohorezko kadeteen futbol partida.
Danena KE - Hernani CD.
17:30,Intxaur frontoian, Haurren arteko pelota partidak Ziotza eta Urnieta pilota elkarteko haurren arteko norgehiagokak.
Zizurkilgo Udalak eta Kirola Mahaiak herritar guztiak animatu dituzte Kirol Astean parte hartzera, “jarduera anitz, ireki eta herrikoiak” direlako eta “kirola egiteko, ikasteko eta komunitatea sendotzeko aukera paregabea” eskainikodutelako.