Zizurkilgo Harrera Eguna, otsailaren 7an

Ainhoa Gil 2026ko urtarrilaren 27a

Herrigunea ezagutzeko aukera ere eskainiko zaie iritsi-berriei.

Otsaileko lehendabiziko larunbatean egingo dute Zizurkilgo Harrera eguna. Iaz abiarazi zuten ekimena, iritsi berriak direnei herria hobeto ezagutarazi eta inguruan dituzten baliabideen berri emateko

2025 urtean zehar 129 pertsona erroldatu dira Zizurkilen, horietatik 47 estatutik kanpotik etorritakoak. Zenbakiak kopuru beretsutan mantentzen dira azken urteotan. Etorri berriak diren horiei Zizurkil erakutsi eta eskura dituzten baliabideen berri emateko asmoz, Harrera Eguna ospatuko dute otsailaren 7an. Iaz egin zuten lehendabiziko aldiz eta oso erantzun ona jaso zuen ekimenak. Data ere finkatuta geratu da Zizurkilgo egutegian; otsaileko lehen larunbatean egingo zaie harrera etorri-berriei.

Gutunak eta deiak

Datozen egunetan etxean gutuna jasoko dute 129 etorri-berriek eta, Ainhoa Larrea teknikariak azaldu duenez, "estatuz kanpotik etorritakoei telefonoz deituko diegu, Harrera Eguna zer den hobeto azaldu eta bertaratzeko gonbita luzatzeko. Izan ere, zenbait kasutan zailagoa egiten zaigu gutun bidez beharrezko azalpen guztiak eskaini ahal izatea". Lehen edizioan 20 pertsona inguru gerturatu ziren ekitaldira. 

Iazkoaren haritik

Iazko ekitaldiaren eredu beretsua jarraituko dute aurten ere. Maite Amenabar alkateak eman ditu argibideak: "11:00etan Atxulondon elkartuko gara. Iaz landutako baliabideen gida banatuko zaie guztiei eta, Tolosaldean zabaldu berri den Harrera Gunearen inguruko azalpenak ere emango dizkiegu. Atxulondoko saioa amaituta, plaza inguruan ditugun baliabideak erakutsiko dizkiegu; liburutegia, udal-bulegoak...". Iazkoaren bidetik jarraituta, Zizurkilgo herrigunera gerturatuko dira ondoren, autobusez. Herrigunea ikusi eta udaletxera bisitaldia egin ondoren, elkarrekin mokadutxoa egiteko aukera izango dute guztiek. "Iaz asko eskertu zuten mahaiaren bueltan lasai hizketan eta elkar ezagutzen egon ahal izateko tarte hori, eta aurten ere hala egingo dugu", azaldu dute. 

Balorazio ona

2025eko otsailaren 1ean egin zuten lehendabiziko Harrera Eguna Zizurkilen, eta Udaletik oso balorazio positiboa egin dute: "Hogei pertsona inguru elkartu ziren orduko hartan, oso jatorri ezberdinetakoak eta oso errealitate ezberdina bizitzen ari zirenak. Argentina, Uruguai, Nigeria, Georgia..., eta Siriako familia bat ere gerturatu zen. Lanera etorritakoak, ofizioa dutenak, edota gerratik ihesi etorritako familia; oso errealitate ezberdina duten herritarrak elkartu ziren Harrera Egunean. Euren bizipenak kontatu zizkiguten eta aberasgarria izan zen guztiontzat". Atxulondoko aurkezpen ekitaldiaren ondoren, herriko baliabideak ezagutu, eta elkarren berri izateko aukera izan zuten. 

Eskertza

Etorri-berrien eskertza jaso zuten udal ordezkari eta teknikariek iazko Harrera Egunaren amaieran: "Udal batek horrelako harrera egiten zien lehen aldia zela esan zuten, eta oso eskertuta agertu ziren bertan ginen udal ordezkari eta teknikariekin. Baliabideen inguruko informazioa jasotzeko aukera izan zuten, baita herria hobeto ezagutzekoa ere. Askok, esaterako, lehen aldia izan zuten Zizurkilgo Herrigunean eta oso gustora egin zuten bisitaldia. Elkarren berri izateko aukera eman zigun ekitaldiak eta, amaierako mokadutxoak ere modu lasaiagoan hitz egiten aritzeko modua eman zuen. Giro hori, gertutasun hori, asko eskertu zuten eta baita guk ere, noski". 

Harrera gunea

Berezitasun nagusi bat izango du aurtengo ekitaldiak. Ainhoa Larreak gaineratu duenez, "azken hilabetetan zehar etorri-berriei harrera egokia egiteko protokoloa landu da Tolosaldea mailan eta dagoeneko amaituta dago. Lanketa horren barruan, Harrera gunea irekitzeko beharra zegoela planteatu zen, eta dagoeneko martxan da zerbitzu hori ere. Harrera gune berriari esker, osotasunean egiten zaie ongietorria etorri-berriak diren horiei".

Harrera, osotasunean

Tolosan du egoitza nagusia Harrera guneak, baina astean behin Amasa-Villabonan izaten dira bertako arduradunak, bailarara iritsi berriak direnei beharrezko arreta eskaintzeko. Ainhoa Larreak azaldu duenez, "lehen hitzordua hartzen dutenean, ordubeteko saioa eskaintzen zaie, haien zalantzak, beldurrak, eskaerak... ongi entzun eta erantzun egokia eman ahal izateko. Harrera integral horrek erronka potolo bati erantzuna ematen dio Tolosaldean. Zizurkilen bakarrik, 129 pertsona berri erroldatu ziren joan zen urtean. Harrera gunera iristen badira, zalantza guztietan laguntzeko bideak irekitzen dira. Oso errekurtso garrantzitsua da eta horren inguruko azalepen guztiak ere emango dizkiegu otsailaren 7ko saioan". 

Maite Amenabarrek ere aipatu du Harrera gunea: "Iazko saioan gure baliabideen gida eman genien gerturatu zirenei. Aurten, zerbitzu berriaren aurkezpena egin ahal izango dugu,  harrera aberastuz".

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!