"Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten" hitzaldia, ostegunean, Zizurkilen

Aiurri 2026ko urtarrilaren 27a

Zizurkilgo Udalak “Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten” hitzaldia antolatu du, herriko euskarazko kultur ekosistemaren egoeraren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko helburuarekin. Ostegunean izango da hitzaldia, 18:00etan hasita.

Azken urteotan, gizartean gero eta handiagoa da kontzertu eta ekimen masiboetarako joera, eta, aldi berean, herrietako kultur aretoak betetzea gero eta zailagoa bihurtu da. Horrez gain, haur eta gazteei transmititzen zaien kultur eredua ere kezka iturri da. Testuinguru horretan, hitzaldiak kultur ohiturak, euskarazko kultur transmisioa eta kultur ekosistemaren osasuna izango ditu ardatz.

Euskara eta bere kulturgintza estuki lotuta daude. Ikerketa soziolinguistiko berrienek erakusten dutenez, euskararen ahulgune nagusia gaitasun falta da, eta indargune nagusia, berriz, atxikimendu afektiboa. Euskarazko kulturgintzak, hain zuzen ere, hizkuntzaren erabilera eta trebakuntza sustatzen ditu, eta lotura afektibo hori indartzen laguntzen du.

Hori guztia kontuan hartuta, hitzaldian ondorengo galderak jorratuko dira:

  • Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia?
  • Zein eragin du kulturgintzak euskararen biziberritzean?
  • Beste herri batzuetako esperientziek balio dute Zizurkilerako?

Hitzaldia Gotzon Barandiaranek eskainiko du, eta euskarazko kulturgintzan interesa duten sortzaile, antolatzaile, hezitzaile, kulturzale eta herritar orori zuzenduta dago.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!