“Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten”

Aiurri 2026ko urtarrilaren 30a

Atxulondo aretoan bildu ziren atzo arratsaldean herriko hainbat eragile eta kulturzale, “Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten” izeneko hitzaldian. Saioa Gotzon Barandiaran Arteagak eskaini zuen.

Hitzaldian zehar, Barandiaranek ohartarazi zuen indibidualismoak gero eta pisu handiagoa duela gizartean, eta horrek zuzenean eragiten diola herrietako kulturgintzari. Haren esanetan, euskarazko kulturgintza ezin da jarduera solte batzuen batura gisa ulertu; elkarri lotutako elementuez osatutako ekosistema da.

Gakoak

Hitzaldian bi galdera nagusi jarri zituen mahai gainean: Zer da estrategikoa euskararen kulturgintzarentzat? Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia?

Parte-hartzaileen ekarpenetan, transmisioa eta bizirautea izan ziren etengabe agertu ziren kontzeptuetako batzuk. Testuinguru horretan, Barandiaranek 2016an Euskal Herri mailan egindako hausnarketa bat ekarri zuen gogora, besteak beste Bertsozale Elkartea eta Ahotsenea bezalako eragileekin egindakoa, ondorio nagusi batekin: euskarazko kulturgintzak kulturzale gehiago behar ditu.

Haien arabera, kulturgintzak aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da honako eragile multzoa kontuan hartzea:

  • Zale aktiboak eta pasiboak
  • Sortzaileak
  • Kultur kazetariak
  • Antolatzaileak
  • Hezitzaileak

Era berean, lau lan-ildo nagusi identifikatu zituen, elkar etengabe gurutzatzen direnak:

  • Sormena sustatzea, modu integralean, pertsonaren garapenerako eta gizarte kritikoa eraikitzeko.
  • Plazak eta plaza digitalak indartzea, euskarazko eskaintza handitzeko.
  • Komunikazioa sendotzea, herritarrengana iristeko gaitasuna hobetzeko eta euskarazko hedabide sistema garatzeko.
  • Transmisioa bermatzea, bereziki hezkuntza ez-arautuan.

Beste hainbat gai ere jorratu zituen hitzaldian zehar, betiere ikuspegi parte-hartzailetik. Saioak hausnarketarako tartea eskaini zuen, eta euskarazko kulturgintzari gogoeta aberatsa bezain beharrezkoa egin zitzaion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!