Zizurkil blues doinuetan murgilduko da otsailaren 28an.
Blues Gauaren 23. edizioak bi talde eramango ditu herrira; estilo eta ibilbide desberdinekin, baina, generoaren sustrai berean errotuta: El Oso y sus Sabandijas eta The 44 Dealers.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaialdia Atxulondo tabernan, El Oso y sus Sabandijas taldearen kontzertuarekin.
Granadan kokatutako blues banda honek El Oso de Benalua du buru, ahotsean, gitarrean eta harmonikan. Bere inguruan, eskarmentu handiko musikariak bildu dira: Tony Molina gitarra elektrikoan eta Dani Levy baxuan, Granadako eszenan izen ezagunak; eta Guille Giggs Nother baterian, urte luzez bluesean erreferente izan den Chino Swingslideren bidelagun izandakoa.
Taldearen errepertorioa bluesaren klasikoetan oinarritzen da, Bo Diddley, Little Walter, Bobby Blue Bland, Otis Rush, Junior Wells edo Buddy Guy bezalako artistak ardatz hartuta. Taldeko kideek, elkarrekin zein banaka, Europako hainbat agertokitan jardun dute, eta grabazio ugari dituzte beren ibilbidean, bai talde gisa bai banakako proiektuetan.
Gaueko 23:00etan, berriz, Egarri tabernan jarraituko du Blues Gauak, The 44 Dealers taldearen eskutik
Madrilen sortua, talde honek bluesaren tradizio osoa jasotzen du bere proposamenean: jatorri ruraletik Chicago bluesera, West Coast soinuetara eta 1950eko hamarkadako R’n’B ukituetara arte.
2008an sortu zen The 44 Dealers taldea, ordutik hiru lan diskografiko plazaratu dituzte, eta ehunka kontzertu eskaini dituzte Espainian zehar. Ibilbide horretan, bluesaren eszenako hainbat artista ezagunekin partekatu dute oholtza, eta pixkanaka erreferente bihurtu dira generoaren barruan. Gaur egun, proiektu berriak prestatzen jarraitzen dute, beren ibilbideari jarraipena emateko.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.