"Oso harrera ona egin didate zizurkildarrek; eskertuta nago"

Ainhoa Gil 2026ko otsailaren 21a

Ana Hernandezek abenduan zabaldu zituen Zizurkilgo Atxulondo taberna-jatetxeko ateak.

Zenbait hilabetez itxita egon ondoren, martxan da Zizurkilgo Atxulondo taberna-jatetxea. Ana Hernandez da arduradun berria, eta gogotsu ekin dio bideari.

Zergatik erabaki zenuen Atxulondo taberna ustiatzeko lehiaketan parte hartzea?

Kasualitate hutsez iritsi zen nire eskura deialdiaren berri. Joan zen urteko abuztuan, sakeleko telefonoan interneten nenbilela ikusi nuen Atxulondo tabernarako kudeatzaile bila zebilela Udala. Ostalaritzan aritu izan naiz bizi osoan, baina azken urtetan lanbidez aldatu, eta saltoki batean ari nintzen lanean. Egia esan, Atxulondo tabernako deialdiaren berri jakin nuenean, ez nuen Zizurkil herria ezagutu ere egiten. Gerturatzea erabaki nuen. Herria pixka bat ikusi, tabernaren kokapena begiratu, inguruko jendearekin hitz egin, eta pleguak eskatu nituen, eskakizunen berri izateko. Gehiegi pentsatu gabe, aurrera egin eta nire proposamena aurkeztu nuen.

Ireki berria duzue taberna. Zein da zuen eskaintza?

Abenduaren 4an zabaldu genuen, eta martxa hartua dugu dagoeneko. Gauari begira baino gehiago, egunari begirako taberna da gurea. Astelehenetan itxita egoten da eta gainerako aste-egunetan goizean goiz zabaltzen dugu, gosariak emateko, eta hortik aurrera, jatetxe-taberna zerbitzua eskaintzen dugu, iluntzeko bederatziak arte. Alaba bat dut eta etxeko martxarekin bateratu ahal izateko, eguneko zerbitzuaren aldeko apustua egin nahi izan dut. Ostiral eta larunbatetan afariak ere ematen ditugu eta luzeago edukitzen dugu taberna irekita. Udari begira, gaueko ordutegia gehixeago luzatuko dugu, ziurrenik.

Gosaltzeko tostadak, kafeak, plater konbinatuak, eguneko menuak, sagardotegiko menua..., eskaintza zabala dugu.

Berezitasunik aipatuko al zenuke?

Hanburgesek oso harrera ona izan dute. Txuleta haragiarekin egiten ditugu Atxulondo hanburgesak. Geronek etxean egindako saltsa berezia jartzen diogu eta jendeari asko gustatu zaizkio. Astean zehar familia giroko taberna da gurea eta, asteburuetan, gazte jende gehiago gerturatzen zaigu. Gehienbat gure hanburgesak jatera gerturatzen dira gazte horiek. 

Udari begira, koktelak eskaintzen hasteko asmoa ere badugu. Bertan lanean ari garenok ikastaroak eginak ditugu eta Donostiako kokteleriatan ere aritu izan gara aurrez. Aukera polita izan daiteke uda giroan, terrazan lasai jarri eta umeak plazan jolasean dabiltzan bitartean mojitoak edo bestelako koktelak hartu ahal izatea. 

Garagardoen artean, artisau eran egindako garagardo tostatua eskaintzen dugu. Oso harrera polita izan du. 

Eguneko menuak ere ematen dituzula aipatu duzu...

Bai, hala da. 14 euroan ematen dugu eguneko menua. Aurrez taberna honetan ez da menurik eman izan, eta oraindik jendeak ez du ohitura hori hartu, baina pixkanaka ari zaigu jendea gerturatzen. Momentu honetan neroni moldatzen naiz menuak zerbitzatzeko, baina ez dut baztertzen langile gehiago hartzea ere. Momentu honetan bost pertsona ari gara lanean, baina baliteke etorkizunean jende gehiagoren beharra izatea ere. Poza emango lidake horrek, noski. 

Zer moduzko harrera izan duzu Zizurkilen?

Primerakoa. Jendeak ez ninduen ezagutzen eta nik ere ez nituen herritarrak ezagutzen, horrez gain, Extremaduratik etorritakoa naiz eta euskaraz ondo ulertzen dut baina ez naiz erraztasunez hitz egiteko gai; horrek guztiak kezkatxoa eragiten zidan. Nire kezkak, ordea, berehala uxatu ziren; oso ondo hartu naute eta oso eskertuta nago. Harritu egin nau hemen dagoen mugimenduak, tabernara gerturatzen den jende kopuruak..., ezusteko ederra izan da. 

Ostalaritzan aritu izan naiz beti; azken urteotan, Donostian. 2001ean hasi nintzen Donostiako ostalaritzen lanean eta, garai hartan, etxekoagoa zen, bertako jendeari eskainitakoa. Goitik behera aldatu da hori eta turistari begira lan egiten da orain. Une honetan, lanerako modua oso ezberdina da Donostian eta Zizurkilen. Donostian oso zaila da lana antolatzea; oso kolpeka egiten da lan. Taberna hutsik egotetik, jendetza sartzera igaro zaitezke oso denbora tarte laburrean eta lanerako ez da batere erosoa. Ez dizu jendearekin gustora aritzeko aukerarik ematen. Hemen askoz ere asentatuagoa eta ziurragoa da lana eta egunero dago mugimendua. Atxulondo, gainera, oso taberna polita da, lokal ederra da, erosoa. Oso gustora nago hemen sortu den aukera honekin.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 687 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!