Zizurkilgo Torturatuen Sarea aurkeztu dute

Ainhoa Gil 2026ko otsailaren 28a

Zizurkilgo Herri Memoria Taldeak antolatutako Hegitik Egiara egitarauaren barnean, ekitaldi bikoitza egin dute gaurkoan. Urkamendiko tontorrean hasi dute goiza eta, ondoren, Zizurkilgo Torturatuen Sarea aurkeztu dute.

Urkamendiko tontorrean egindako ekitaldian, bereziki gogoan izan dituzte Joxe Arregi eta Joxelu Geresta zizurkildarrak. Agurra eskaini diete eta, lore eskaintza ere egin dute tontorrean jarritako oroigarrian.

Eguerdian, jendetza elkartu da P.M. Otaño plazan. Zizurkilgo torturatuen sareak azpimarratu du Espainiako estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian modu sistematikoan torturatu izan dutela. Mikel Egibarrek hartu du hitza: "Zergatik torturatu gintuzten argitzeko garaia da. Metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu zen? Garaia da jakiteko nork baimendu zuen tortura. Garaia da erantzukizun publikoak hartzeko, eta horretarako, inpunitatearekin amaitzeko, ausardia erakutsi behar da".  

Epe motzera dituzten helburuen berri eman du Egibarrek agerraldian: Inor kanpoan geratu ez dadin saretzen jarraitzea; aitortzan aurrera egitea, orain arte aitortutako kasuak ez baitira % 10era ere iristen;  kontakizuna eraikitzea negazionismoa apurtzeko; eta elkarren zaintzan jarraitzea. 

Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren emaitzak ekarri dituzte gogora Zizurkilgo torturatuek: 1960tik 2015era, 5.379 tortura kasu zenbatu dituzte. Aitortzei dagokienez, gabeziak daudela salatu dute, bai baliabide eta bai epeen aldetik ere. Hori konpontzeko eskatu dute dute torturatuen saretik, gaia lantzeko baldintza berriak sortu direla ikusita. 

Herriz herri eta auzoz auzo ari da sarea eratzen eta Zizurkilgo torturatuek adierazi dute: "Torturaren sufrimendua indibiduala izan arren, herriak ere modu kolektiboan pairatu izan du, eta pairatzen du".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!