Zizurkilgo Txapela Eguna XXXI. ediziora iritsi da dagoeneko. Herriguneko Festa Batzordeak antolatu ohi du eta, urtero-urtero, herriaren alde lanean ari den norbanako edo talde bat omentzen dute. Txapeldunak izaten du abuztuko jaietako txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea.
Elkartearen sorrera
1980ko hamarkadaren amaieran sortu zuten Urkamendi Guraso Elkartea. Maria Luisa Goenagak, Maxux Labakak eta Mailo Irastorzak lehen eskutik bizi izan zuten guraso elkartearen sorrera. "Ekintza ezberdinak egin ahal izateko gurasoak elkartzea zen helburuetako bat. Udalak diru-laguntzak ematen zituen herrian gauzak antolatzeagatik eta, horretarako, beharrezkoa zen antolatuta egotea", azaldu du Maxux Labakak.
Indarra
Herriguneko eskolako gurasoek bazuten beste kezka nagusi bat urte haietan: "Ume gutxi zegoen gure eskolan, etxe berririk ez zen egiten herrigunean, eta Elbarrenan martxan zen eskola. Gure eskola txikia arriskuan egon zitekeela ikusi genuen, eta elkartea sortzeak nolabaiteko indarra emango zigula sinetsi genuen; udaletxera joateko, eskaerak bideratzeko, ekintzak antolatzeko... Horrek guztiak eman zigun elkartea sortzeko bultzada".
Koordinakundearen sorrera
Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundearen sorrera bultzatzea ere egokitu zitzaien zizurkildarrei: "Bidegoianen eta Berastegin egin ziren Gipuzkoako Eskola Txikien lehen festak, irakasleek antolatuta". Gaztelun egindako hurrengoa festan, ordea, eskola publiko handiagoek ere parte hartu zuten eta eskola txikietako gurasoen artean kezka piztu zen; "gure nortasuna galtzeko arriskua genuela sentitu genuen". Irakasleek festa antolatzeari uzteko erabakia hartu zuten une hartan, eta gurasoek heldu zioten erronkari. "Hemen, Zizurkilen jaio zen Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundea".
Lan handia egitea egokitu zitzaien eta gaueko 21:00ak aldera egiten zituzten bilerak. "Etxeko lanak egin eta umeak oheratu ondoren biltzen ginen. Koordinakundea sortzeko bilera haiek, gainera, ez ziren beti Zizurkilen izaten".
Ilusioa
Aipatu bezala, ahalegin handia egin zuten Urkamendi guraso elkarteko sortzaileek. "Herriaren alde ari ginela sinesten genuen eta gure umeak herrian inplikatu zitezen ere nahi genuen. Horretarako, guk ere inplikatu egin behar genuen, eredu izateko. Gure umeak eskolan ari ziren eta eskolak gure laguntza behar zuenean, gu prest egoten ginen. Urte askotan aritu ginen juntakide gisa, eta pozik gainera. Asko ikasi genuen". Umeen arteko harremana bultzatu, eskolari lagundu, herriari zuzendutako ekintzak antolatu, umeei herrigintzan lan egitea zer den erakutsi... helburu handiak izan zituzten elkartearen sortzaileek.
Martxan
Begoña Calvo eta Jaione Guereñu ere izan ziren Urkamendi Guraso Elkarteko juntakide. Elkartea sortuta eta martxan zegoela ezagutu zuten, eta egindako bideari eutsi zioten. "Guk martxan zegoen elkartea hartu genuen eta, orain aipatu diren ekitaldiei eustea izan zen gure ardura", dio Jaione Guereñuk. Juntakideen artean banatzen zituzten eginbeharrak eta horien artean, "udalarekin harremana izango zuen pertsona izendatu genuen. Lan ikaragarria egin zuen garai hartan. Etengabe aritu zen ikusten genituen beharren inguruko eskaerak egiten. Garai hartan lortu zen, esaterako, pilotalekua berritzea. Itute handiak zituen aurreko pilotalekuak eta irekia zen. Luze egiten zitzaigun negua umeekin. Europako dirulaguntza baten bidez, pilotalekua berritzea lortu zen".
Komunitate sentimentua
Andoaindarra da Begoña Calvo eta 2000 urtean iritsi zen Zizurkilgo herrigunera. "Eskolak eta guraso elkarteko kide izateak, herria bizitzeko beste modu bat eman zidan. Bertako ohiturak ezagutu, jendearekin harremana sortu... oso-oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat. Komunitate sentimentua zer den ikasi nuen bertan: gurasoak, eskola, udala... denon artean egindako zerbaiten bizipena izan zen".
Erreleboa
Guraso talde berria ari da orain elkartean lanean; sortzaileen ondorengoek hartu dute erreleboa. Aurrekoen lanari eusteaz gain, zenbait berrikuntza martxan jartzea ere lortu dute. Esaterako, jangela zerbitzua herriko ostatua den Iriarte jatetxeak ematea, edota goiz txokoa zabaltzea. "Lorpen handiak izan dira. Jangela zerbitzuaren erabiltzaile bakarra izatetik, 16 bat erabiltzaile izatera pasa gara, horrek adierazten du premia handia zegoela". Bestetik, goizeko zaintza zerbitzua ere martxan jartzea lortu zuten. "Lehen ere egin izan ziren horretarko saiakera batzuk, baina aurreko ikasturtean lortu genuen zerbitzua zabaltzea. 09:30tan sartzen dira umeak eskolara eta lanera joan behar duten gurasoentzat, berandu egiten da. Aukera ona da umeak aurrez utzi ahal izatea".
Ekainean, festa
Ekainaren 14a gorriz markatuta dago Zizurkilgo herriguneko egutegietan. Gipuzkoako Eskola Txikietako Festa hartuko du egun horretan herriguneak. Mendigain eskolako komunitatea buru-belarri ari da prestaketa lanetan. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira, Gipuzkoako eskola txikietako haur, irakasle eta familiei ahalik eta harrerarik politeta egiteko. Herrikideekin elkarlanean arituko dira egun horretan, festa egun polita izan dadin.
Txapela Eguneko egitaraua
Martxoak 14, larunbata
Arratsaldean hasi eta gauera arte, ekitaldi sorta antolatu dute:
16:00 Txapeldunen mus lehiaketa, zentroan.
17:30 Bukalai dantza taldearen emanaldia, Intxaur frontoian.
18:30 Jolasak, frontoian, Urkamendi Guraso Elkarteak antolatuta.
20:30 III. Txapel saskiratze lehiaketa, plazan. (Eguraldia lagun ez bada, zimiterioan).
21:00 Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean. (Txartelak salgai Iriarten, otsailaren 23tik aurrera).
Afal ostean, Luix Urkolak, 2025eko txapeldunak jarriko dio txapela Urkamendi Guraso Elkarteari. Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afalostea.
Txapela jantzita eguna gozatzeko deia egin diete zizurkildarrei Festa Batzordeko kideek.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 688 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.