Nola jaso zenuten Udalak egindako enkargua?
Izaro Lizarraga Galdos: Izarne Zelaia zinegotziak gure lana ezagutzen zuen, eta Martxoak 8ari lotutako horma-irudi bat margotzea proposatu ziguten udaleko kideek, argi baitzuten gai horrekin lotutako proiektu bat egin nahi zutela. Ideia batzuk eman zizkiguten, horien baitako murala egiteko. Horrela hasi zen; proposamena jaso, eta Txitxi eta biok proiektuaren inguruan hitz egiteko bildu ginen.
Arantxa Orbegozo Rezola: Udalari eskertu nahi diot herriko jendearekin kontatu izana. Ohikoa izaten da herriko proiektuak kanpoko norbaitek egitea. Eskertzekoa da bertako herritarrekin kontatzea. Nire kasuan, Izarok deituta batu nintzen. Udalak berez Izarori egin zion proposamena, bera baita Zizurkilgoa.
I.L.G.: Bai. Udala lanketa handia egiten ari da kultura herritik eraikitzeko, eta oraindik ezagunak ez direnen parte-hartzea ere bilatzeko.
Feminismoarekiko atxikimendua izanik, zein da Martxoak 8arekiko eta mugimendu feministarekiko duzuen ikuspegia?
I.L.G.: Martxoak 8koa eguneroko borroka da, nik nire burua feministatzat dut, eta nire egunerokotasunean ikuspegi hori txertatzen dut; margotzean, etxean, lagunekin… Oso modu naturalean egiten dut, eta muralaren kasuan ere, oso era automatikoan atera zait. Zoritxarrez, oraindik oso beharrezkoa da Martxoak 8-a, egun horrek beste guztien isla izan behar du, eta gure txikitasunean eragin behar dugu.
A.O.R.: Bai, eta gauza guztietan islatu behar da; etxean lanak banatzean, denbora kudeatzean… Nire kasuan, 20 urtez etxeko-andrea izan naiz, eta damutzen ez naizen arren, badakit nire beharrak ez nituela lehenetsi. Nire denbora besteei eskaintzen nien.
Murala zuen herrikideen aurrean egitean, urduritasuna edo ardura handiagoa sentitzen al duzue?
I.L.G.: Ez, poza sentitu dut, ilusio handia egin dit nirekin kontatzeak, eta nire etxean horrelako proiektu bat egiteak. Ziur nago gauza oso polit bat egingo dugula. Ardura beti sentitzen dut egiten ditudan lanekiko, hemen edo Bilbon eginda ere. Gure izenean sinatzen dugunean, gauzak ondo egin nahi ditugu.
Hitzen bidez azal dezakezue mural honen bitartez islatu nahi duzuena?
I.L.G.: Enkargua jaso genuenean ideia finko batzuk proposatu zizkiguten, eta horietako bat, historikoki oso garrantzitsua izan den Zizurkilgo emakume baten esaldi famatu bat irudikatzea izan zen. Bigarrena, Zizurkilen bizi diren errealitate desberdinak islatzea zen, bizimodu hiritarra eta landa eremukoa. Bestetik, aldarrikapena ere adierazi nahi genuen, alaitasun eta indarraren ikuspegitik, eta emakumeen belaunaldi desberdinak ordezkatzen. Batez ere, indarra islatu nahi izan dugu.
2024ko ekainean “Emakumeen haria” murala egin zenuten Villabonan, nolakoa izan zen esperientzia hori?
I.L.G.: Izugarrizko esperientzia izan zen.
A.O.R.: Esanguratsua izan zen, jende asko harritu zen bi emakume aldamio baten gainean ikusteaz. Askotan entzun genituen horren inguruko iruzkinak. Baina, oro har oso esperientzia polita izan zen, omendu genituen emakume asko bertara azaldu ziren, eta beraientzat oso garrantzitsua izan zen haien lana aitortzea, bizirik zeuden bitartean.
Paretaren arabera zailtasun erantsiak egoten al dira?
A.O.R.: Aldamioaren erabilera da gehien baldintzatzen duena. Aldamioarekin margoketa zaildu egiten da, gora eta behera ibili behar duzu. Muralak margotzean, perspektiba lantzea oso garrantzitsua da, distantziak eta proportzioak aldatzen baitira. Materialari dagokionez ere, margolanekin alderatuta desberdintasunak antzematen ditugu, muralak egiteko materiala oso azkar lehortzen da, eta gehienetan ez da hain eraginkorra.
I.L.G.: Bai, nik txikian marrazten dut gehienetan, eta txikian marraztutako hori hormara pasatzea oso korapilatsua izaten da. Batez ere, proportzio eta tamaina aldaketengatik.
Murala amaitutzat emateko, zenbat denbora beharko duzuela aurreikusten duzue?
A.O.R.: Euskal Herriko eguraldiaren arabera alda daiteke hori.
I.L.G.: Bai, eguraldiak asko baldintzatzen du gure lana. Villabonako muralaren kasuan, adibidez, 3 aste hartu genituen lasai ibiltzeko, baina euriaren eraginez, bezperan amaitu behar izan genuen. Oraingo kasuan, ez dago aterperik, eta margoek ez dute ura jasaten. Hortaz, dena jaso behar izaten dugu eta beste egun batean jarraitu.
A.O.R.: Martxoaren 8rako ez da amaituta egongo, baina elementu garrantzitsu batzuk prest egongo dira, seguruenik.
I.L.G.: Bai. Horregatik, aste honetan hastea erabaki dugu, egunean bertan zerbait ikusi ahal izateko.
Maila pertsonalean, zein dira alor artistikoan gehien disfrutatzen dituzuen lanak? Ilustrazioak, muralak…?
A.O.R.: Niri muralgintza asko gustatzen zait. Margolanak egitea ere bai, baina ez ditu ia inork erosten, beraz, enkargu bidez bakarrik egiten dut lan. Muralak mugimendua dakar, eta niretzat hori oso garrantzitsua da. Gaur egun, mugimenduari lotutako ikastaroak ematen ditut, eta nire ametsa lana online egiteko aukera izatea da, toki desberdinetan muralak margotzen jarraitzeko. Neurri batean, forman egon nahi dut aldamioetara eroso igo ahal izateko, besteak beste. Horrez gain, erretratuak egiten ere asko disfrutatzen dut.
I.L.G.:Niri aldatzea gustatzen zait. Hori da nire lanbidetik gehien gustatzen zaidana, aldatzeko aukera izatea. Orain, hiru astez murala egiten egongo naiz, baina ilustratuko ditudan bi album martxan ditut, eta bestelako lanak ere egingo ditut. Lan mota guztiekin disfrutatzen dut. Bestalde, denbora falta dela eta, faltan bota dut zikintzea, eta muralgintzak zikintzeko eta gorputzarekin margotzeko aukera ematen dit. Beste lanetan, buruarekin margotzen dut, eta mugimendu txikiak izaten dira. Lan horiek egiten ere asko disfrutatzen dut, baina nekagarriak izan daitezke, horregatik, aldatzen joatea gustatzen zait.
"Inaugurazio polit bat egingo dugu"
Izarne Zelaia Arratibel, zinegotzia
Zer dela eta erabaki duzue muralaren egitasmoa martxan jartzea?
Martxoak 8aren inguruan herriko emakumeei omenaldi txiki bat egin nahi genien. Horretarako, gure lehentasuna bertako sortzaileei aukera ematea izan da, eta emakume sortzaileei ikusgarritasuna ematea espazio publikoan. Horrez gain, horma-irudi hau baliagarria izango da herriko iruditegian genero berdintasunak iraunkorki toki bat izateko. Murala herriko emakumeen omenez egingo dute, horregatik, bertako emakumeen parte-hartzea ere sustatu nahi genuen.
Muralari dagokionez, abiapuntua esaldi bat izango da, Zizurkilen jaiotako historiako emakume esanguratsu baten omenez, bere lagun batek idatzi zuena. Oraindik ez dugu dena kontatuko, baina bera ere omendu nahi dugu mural honen bidez. Aldi berean, esaldi hori, herriko emakume guztiei mezu bat bidaltzeko baliagarria izango da. Martxoaren amaieran inaugurazio txiki bat egin nahiko genuke, ez dugu data zehaztu, baina aipatutako emakume honen familia gonbidatu nahi dugu eta inaugurazio polit bat egin. Eskerrak ere, eman nahi dizkiogu etxebizitza honetako familiari, horma herriari eskaintzea erabaki baitute.
Mandatuari dagokionez, ezaugarri zehatz batzuk izatea eskatu diezue? Ala nahiko era librean arituko dira?
Esaldia izan da inspirazioa bilatzeko abiapuntua. Horrez gain, emakume baten irudia azaltzea nahi genuen herriko emakumeak ordezkatzeko. Hortik aurrera, era librean aritzeko aukera eman diegu.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 688 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.