Jarraian komunikatua:
Zizurkil, 2026ko martxoak 25. Zizurkilgo Udalak emakumeen omenez sortutako horma-irudia inauguratu du gaur Elbarrenan, herriko emakumeen aniztasuna eta ekarpena aitortzeko helburuarekin. Martxoaren 8aren harira bultzatutako ekimen honen bidez, belaunaldi eta eremu desberdinetako emakumeak irudikatu dira, herriaren errealitatea islatu eta emakume guztiei aitortza egiteko asmoz.
Horma-irudiak omenaldi berezia egiten dio Kaxildari (Soledad Casilda Hernáez Vargas, 1914, Zizurkil – 1992, Biarritz), Zizurkilgo emakume borrokalari eta feminismoaren aitzindarietako bati. Fraisoron jaiotako emakumearen hilobian ageri den esaldia da muralaren ardatza: “Andra! Zu zera bukatzen ez den sua!”. Esaldi horren bidez, Kaxildari ez ezik, haren lagun Begoña Gorospe Pascuali ere egin zaio aitortza, bera baita esaldiaren egilea.
Maite Amenabar Alkorta alkateak azpimarratu duenez, “Kaxildarekin genuen zorra nolabait kitatu dugu, eta emakume aitzindari eta ausartak, gure herrian jaiotakoak, zizurkildarron iruditerian lekua izango du aurrerantzean”. Era berean, Gorosperi eskerrak eman dizkio, eta nabarmendu du esaldiak “lehengo eta oraingo emakumeak, baserritarrak, kaletarrak, kirolariak, fabrikako langileak, garbitzaileak edo irakasleak, alabak eta amonak, ama direnak eta izan nahi ez dutenak” guztiak batzen dituela.
Tokiko sortzaileen lana
Proiektuaren baitan, Zizurkilgo Udalak lehentasuna eman dio tokiko emakume sortzaileei aukera eskaintzeari eta haien lana ikusgarri egiteari. Horrela, horma-irudia Izaro Lizarraga Galdos zizurkildar artistak eta Arantxa Orbegozo Rezola “Txitxi” eskualdeko artistak sortu dute.
Bi sortzaileen lanak herriko emakumeen aniztasuna eta indarra islatzen ditu, ikuspegi artistiko eta kolektibo batetik abiatuta, eta emakumeen presentzia eta aitortza espazio publikoan indartzen laguntzen du.
Kulturaz beteriko inaugurazioa
Inaugurazio ekitaldian hainbat herritarrek eta kultur eragilek hartu dute parte. Begoña Gorospe esaldiaren egileak hitzak eskaini ditu, eta Kaxildaren ilobek, Marisol eta Martin Sansinenea Mendezek, poema bat irakurri dute. Udalak lore sorta eman die Gorosperi eta Kaxildaren ilobei.
Ekitaldian, halaber, Izarne Zelaia Arratibel Kultura zinegotziak bertsoa eskaini du. Lierni Ugartemendia Garikano biola-jotzailearen musikarekin batera, Leire Zubeldiaren hitzak entzun dira. Kantuak ere izan du lekua, Alaitz Ormazabal Goenagak eta bertaratutako herritarrek “Vinu, cantares y amor” abestu baitute.
Amaitzeko, Bukalaiko dantzariek Irradaka dantzatu dute, Itziar Otamendi Arrietak gidatuta, ekitaldiari amaiera emanez.
“Emakumeon ahalduntzea bikain islatzen duen horma-irudi ederra dugu herrian”, adierazi du Amenabar alkateak. “Segi dezagula su honen bueltan dantzan, ideia atzerakoiei aurre eginez, Kaxildak erakutsi bezala. Asko gara, eta elkartuta indarra gara: bukatzen ez den sua.”