Zizurkilgo Duatloia, apirilaren 18an

Aiurri 2026ko martxoaren 30a

Apirilaren 18an jokatuko da Zizurkilgo V. Duatloia. Sprint distantziako kirol-proba da eta federatu, nahiz federatu gabeko kirolariek parte hartzen dute bertan. Euskadiko duatloi zirkuituaren parte da eta aurten, Duatloi txikia ere ospatuko dute.

Goizeko 11:00etan lehiatuko dira gaztetxoak. 10:30etarako iragarri dute izen-ematea eta, bikoteka parte hartzeko aukera ere izango dute. Hiru maila ezberdinetan lehiatuko dira txikiak: 2-5 urte, 6-8 urte, 9-11 urte. 

Helduen izen-ematea zabalik dago dagoeneko, Rock The Sport webgunean.

- Federatuak: 30€ apirilaren 13ra arte. Izen-emateak, gaueko hamabietan itxiko dira.

- Federatu gabeak (popularrak): 40€ apirilaren 13ra arte. Izen-emateak, gaueko hamabietan itxiko dira.

 

Apirilaren 18an ospatuko da kirol-proba, arratsaldeko 16:15etan hasita. Kirolarientzat erronka polita suposatzen du Zizurkilgo hitzorduak eta ikusleentzat ere, erakargarria izaten da proba, zirkuituak kirolariak hainbat bider ikustea ahalbidetzen duelako. 

Hiru zati ditu helduen duatloiak: 

  • Lehenengo zatia, korrika: 5 km-ko lasterketa, 2,5 km-ko ibilbideari bi itzuli emanez, aurreko edizioetan erabilitako berbera.
  • Bigarren zatia, txirrindularitza: 20 km, 10km-ko ibilbideari bi itzuli eginez eta betiko trazadura mantenduz.
  • Hirugarren zatia, korrika: Azken 2,5 km-ak, ibilbideari itzuli bakarra emanez, helmugara iritsi aurretik azken ahalegina egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!